Hirigintza eredu berri baten bila
Legeak eta zentzu komunak bat egiten dute oraingoan hirigintza praktika guztiak interes publikoaren mende jarri behar direla baieztatzean, baina, batzuetan, interes horren onurak zalantzagarriak izan daitezke, eta eztabaida sortzen da onura zerk eta nola ekarriko duen, eta zein onura mota izango den definitzean. Arazoa sortzen da, ordea, zenbaiten interes ekonomiko herritarren interesen gainetik jartzen direnean.
Herritarren interesak beharko lukete egon beste guztien gainetik, eta herritar guztienak maila berdinean. Plan urbanistiko guztiek zuzenki eragingo dute herritarren bizimoduan, eta plan guztien artean, herri edo hiri mailako planeamendua da garrantzitsuena: hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO), orain gurean berrikusten ari direna, eta eskala txikiagoko planen gidaria izango dena.
Bada, HAPOaz gain, eskala maila berdinean egiten den beste plan mota interesgarri bat ere: plan estrategikoa. Horretan, hiriko eragileen interesak kontuan hartzen dira, eta, guztien beharrak aintzat hartuta, estrategiak planteatzen dira, eta etorkizuneko lan ildoak finkatzen; Donostiak ere badu berea, eta zentzua luke HAPOko helburuek horiekin bat egitea
Unibertsitatean, eta, beste hainbat esparrutan, ugariak dira hirien, auzoen, espazio publikoen eta etxebizitzen inguruan egiten diren ikerketak, egoera aztertu eta egiteko modu berriak bilatzeko egindakoak, eta, gehienetan, arlo teorikoan geratzen direnak.
Donostiako Arkitektura Eskolako hirigintzako ikasgaian, hainbat mailatako ikasleek egiten dituzten proiektuetan proposamenak egiten dituzte auzoen antolamenduaz hiritarren bizi kalitatea eta hirien bizigarritasuna hobetzeko: oso proposamen interesgarriak dira, sarritan. Hiria nola eraldatu behar den ikasteko, bestalde, ezinbestekoa da beste herrialdeetako hirigintza ereduak aztertzea, eta, bidaiatzen dugunean ikusitakoarekin ateratako ondorioak gure artean partekatzen ditugu; hainbeste aberastasun, aniztasun eta berrikuntza!
Herri mugimendutik ere ekarpen asko egiten dira, forma anitzeko elkarteen eskutik, modu altruistan etorkizun hobe bat sortzeko itxaropenaz.
Lan handia egiten da esparru guztietan etorkizuneko hiri eredua eraldatzeko ahaleginean: mugikortasun era berriak, erabileren nahasturak, etxebizitzen tipologiak, espazio publikoen eraldaketak, etab. Baina, tamalez, Donostiako HAPOko aurrerakinaren proposamen batzuek betiko eskemari jarraitzen diote: auzo monofuntzionalak bilatzen dira, eta Auditz Akularren mamua berragertzen da etxebizitzarekin dugun arazoaren ustezko konponbide gisa.
Beharrak eta helburuak aldatzen doazen heinean, batetik, hiria pentsatu eta egiteko moduak egokitu beharko genituzke, eta, bestetik, diskurtsoek proposamenekin bat egin beharko lukete, deskribatzen diren helburuen eta planteamenduen artean gutxieneko konkordantzia bat egon dadin.
Hirigintza Excel taula bat, zifrak eta zenbakiak baino askoz gehiago delako, irudimenaz eta ausardiaz jokatu, eta hiria kudeatzeko nahiz eraldatzeko modu berriekin esperimentatu beharko genuke, behingoz, herritarren interesa babes dezagun, eta, interes publikoa gailendu dadin.