Hiru urrats txiki zuretzat, jauzi handia euskararentzat
Horixe da aurten, Euskararen Egunaren baitan, erakunde publikoek eta euskalgintzako eragileek donostiarrekin partekatu nahi dugun erronka: hiru urrats txiki egitea, hau da, mugikorra euskaraz jartzea, nabigatzailea euskaraz konfiguratzea eta euskal hiztunak ahots emaile egitea.
Izan ere, mugikorra eta nabigatzaileak euskaraz konfiguratzen baditugu, eremu digitalean euskaraz bizitzeko aukera handiagoa izango dugu, eta euskarazko eduki gehiago eskainiko dizkigute gailuek. Zenbat eta gailu gehiago euskaraz konfiguratuta, teknologia enpresa handiek orduan eta behar handiagoa ikusiko dute gure hizkuntza ere erabiltzeko, eta, beraz, Google, Microsoft, Amazon edo Appleren modukoei gehiago interesatuko zaie euskara kontuan hartzea beren produktu eta zerbitzuak eskaintzerakoan.
Aurreikusten da etorkizun hurbilean, arian-arian, teklatuaren ordez, ahotsa izango dela teknologia berriekin komunikatzeko bide nagusia, eta, horretarako, milioika hitz, esaldi eta ahots desberdin behar dira edozein hizkuntzatan, eta, noski, baita euskaraz ere. Euskarak etorkizuna izango badu, besteak beste, adimen artifizialak euskaraz egin dezan eta euskaraz uler gaitzan nahi badugu, teknologiak euskaraz ikasi behar du, eta teknologiari euskara irakastea euskaldun guztion ardura da, norbanakoena, erakundeena eta mota guztietako eragileena.
Helburu horri begira, software librearen alde lan egiten duen munduko komunitateak bultzatutako Common Voice proiektuak 129 hizkuntzatan milioika ahots grabatzeko erronka du esku artean. Planteamendu libre eta ireki hori ezinbestekoa da hizkuntza txikiek teknologia munduan aurrera egin dezaten, eta hemen euskarak aukera bat du interes komertzialak baino ez dituzten enpresa handiek inoiz emango ez diotena. Balia dezagun.