Irati Urkiola: 'Txotxongilo'
Uztaila da, eta uholdeak daude. Beharbada, eguraldia ausartu da, gu baino lehenago, ezarritako moldeei aurre egiten; eta beroa behar zuena, hezetu da; eta eguzki behar zuena, lainotu. Eta, gurpil zoro horri jarraituz, hotz “behar” duenean, epel izango dugu; eta euria “behar” duenean, eguzki, eta elurra abuztuan, eta helatuak Gabonetan.
Beharbada, eguraldia ausartu da, gu baino lehenago, onartu ezin duen aldaketa bati aurre egiten; beharbada, eguraldia ausartu da haren haserrea azaleratzen, eta erantzuna ekintzez ematen. Gu baino lehenago.
Eta gertatzen da ere, batzuetan zerbait idazten dugula beste zerbait esateko, egia ziztada bihurtzen zaigulako, kalanbrea, mina. Eta halako ezinegon batek eman dio pausu uztaileko zutabe honi.
Oporretan gaude irakasleok, eta izango dira gure oporren inguruko hamaika iritzi. Baina oporretan gaude, merezia ere izango dugulako. Aitortzen dut, gozatzekoa dugula ordutegia, eta udako bi hilabete hauen “lasaitasuna”, eta lanak, askotan, emaitza ematen duelako sentsazioa. Baina, era berean, aitortzen dut, errazegi epaitzen dutela askok ezagutzen ez duten lana, epaitzen dutela etxeetan, kalean, eta egiatik gutxi duten “ebaluazio diagnostiko” eta “PISA” azterketetan. Epaitzen dutela ezezaguna zaien lana.
Hori gutxi balitz, gure lana ere epaitua izaten da Oposaketetan. Eta antza, ez gara gure lana ondo egiten ari. Asko izan dira aurtengoan, -eta duela bi urtekoetan, eta aurrekoetan….- esleitu gabe gelditu diren plazak; datuen arabera, oraingoz, 375 inguru aurtengoan. Irakasle ez diren batzuen ustez, ez omen dugu irakasle onaren perfila betetzen. Eta hori, noski, azterketa baten bidez ondorioztatu dute; geure egunerokotasuneko lana ikusi gabe, klaseetako giroa ezagutu gabe, ikasleen irriak aintzat hartu gabe, eta urteotako esperientzia kontuan izan gabe. Geure lana epaitua izan da, geure lana zein den ezagutu gabe. Eta horren aurrean, zer? Ezarritako moldeen aurrean bideari jarraitu? Geure sentsazioei muzin egin, eta etorriko diren epaileen aurrean burua makurtu? Teorian denok dakigu ez genukeela hala egin beharko, baina denak gara esklabu. Denak kalanbreez beteriko txotxongilo.
Iritsiko da eguna, eguraldiak egin moduan, ezarritako moldeei aurre egin eta oposaketei planto egiteko; agobioei lasaitasunez erantzuteko; malkoak eskatzen dituzten azterketei irri egiteko. Has gaitezen opor hauetan lasaitasuna hartu bitartean, indarra hartzen, eta irakaskuntza moldeak irailean iraultzen. Bitartean, lainotutako uda hau zuzendu dezagun irriz.