Izarne Zelaia: 'Agurrik ez abuztuari'
Abuztuarenak eginda, altxa dezala eskua lagun edo lankideekin elkartzean oporren baloraziotan murgildu ez denak.
Ernesto Gascok berak ere egin du berea: uztaileko datuek Donostia Euskal Autonomi Erkidegoko lider turistikoa dela adierazten omen dute. Atzerriko turismoa gehien ekartzen duena da gure hiriburua, bai zenbaki-absolutuetan (112.806 gaualdietan) eta baita ehunekoan ere (% 6,6tan). Gascoren hitzetan, datuok turismo iraunkorraren alde egindako apustuaren ondorio dira.
Ikusi dugu, ordea, zer nolakoa izan den udalaren apustua: batzuentzat luxuz puztua, besteentzat oinarrizko beharrez hustua. Izan ere, zenbaki horietan, bisitari askoren datuak falta dira. Gurutze Gorriaren Zorroagako eraikinean, Txantxarrekan, geltoki inguruetan eta hiriko beste kale-zokoetan lo egiten dutenen datuez ari naiz. Espainia hegoaldetik Gurutze Gorriaren autobusetan Donostiara iritsi diren pertsonen kopurua, abuztua hasieratik hona, 135etik gorakoa izan da Hiritarron Harrera Sareak emandako gutxi gora beherako datuen arabera. Senegal, Ginea, Kamerun, Bangladesh, Burkina Faso, Mali eta abar izan dira tantaka baino, olatuka datozen pertsonen jatorriak. Horietako askok egun batzuk Donostian pasatakoan Frantziarako bidea hartu dute. Beste batzuek, euren autobusa lehenago bertatik pasa zen arren, nora joan nahi zuten galdetu ez zietelako iritsi dira Donostiara eta atzera Bilbora, Madrilera edo Bartzelonara egin dute buelta. Talde murritzago batek luzatu egin du egonaldia, dagoeneko iritsi baita helmugara, Donostiara.
Bisitariontzat, ordea, Gascok ez du baloraziorik. Ez harrera, ez arretarik. Ez eraiki berri den hotelik. Gurutze Gorriaren eraikinean lo egiteko hiru edo, salbuespen modura, gehienez bost gau, ez besterik. Gau horiek pasatakoan, kale gorria da eskaintzen zaien gurutze bakarra. Eta Gurutze Gorriaren autobusetan iritsi ez direnei, hau da, beren kabuz iritsi direnei, gau bakar baterako ere ez zaie teilaturik eskaintzen.
Ez da lehen aldia izango herritarren ekimenak instituzioei aurre hartu diena: Hiritarron Harrera Sareari esker noraezean iristen diren pertsonek egunean zehar laguntza izaten dute, besteak beste, euren helmugarantz jarraitzeko bidaia txartelak erosteko. Eta sarearekin elkarlanean ari den Txantxarreka gaztetxeari esker, bertan geratu diren 14 lagunek lotarako ez ezik badute solaserako eta bizikidetzarako espazio bat ere.
Udarenak egin du, eta laster turismoaren inguruan abuztuko datuak ere biltzen dituzten balorazioak entzungo ditugu. Ez legoke soberan udalak balorazioetan turismoa egitera ez datozen pertsonak ere badatozela kontuan izatea, eta itxiera bati baino gehiago, ardura hartze bati bide ematea.
Agurrik ez, beraz; abuztuari ongi etorri!