Joan da 2017a, lagun taldeko batzuoi 33 urteak betearazi dizkiguna eta Kristoren adinkide egin gaituena. Eta kristorengan ez sinetsita ere, damuari beldurrik piztu diguna.
Madres arrepentidas liburua erosi eta urtebetera hasi naiz irakurtzen. Eta ez da nagikeria izan (soilik), nigan gai honek zein erresistentzia sortzen dituen ohartu bainaiz. Amatasunaz damu den jenderik ba ote den, gai hori lagunartera ekartzea zaila egiten da, are zailagoa ingurukoak ama direnean. Gai tabua inondik inora ere. Baina ama izatearenaz baino, susmoa dut gure jendartea ez ote den beste damu baten beldurrago: ama ez izanaren damuaz ari naiz. Gustura entzungo nituzke haurrik ez izatea erabaki zutenen hitzak, eta penatzen nau zenbaitekin gai honen gainean aritzeko ausardiarik ez izanak. Haurrik izan ez duen emakume askok erabakia kontzienteki hartua duela ondo baitakigu, nahiz hautu horri zilegitasuna kendu asmoz sinetsarazi nahi izaten zaigun arazo biologiko edo ekonomikoak izaten direla bere oinarrian.
Dena den, erabakita izan edo ez, 30 urteren bueltan haurrik izan ezean, emakumeok oso presente dugun gaia da arroza pasako zaigunarena (eta bai, gure gertukoengandik ere entzun behar izaten ditugu hitz horiek). Presio honen aurrean, zalantzatiak garenoi (izatearen edo ez izatearen) damuaren beldurra bizkarrera datorkigu. Gure gorputzen atzerako kontaketaren tik-takean murgilarazten gaituzte, modu biologikoaz harago beste aukerarik ez balego bezala. Are gehiago, jakin nahiko nuke norberak erditzeko beharrak garaiotan zenbat duen behar naturaletik eta zenbat jabetzarenetik. Baina ez naiz horretan korapilatuko.
Urteek aurrera egin ahala ama izan nahi dudan edo ez argiago izango dudala uste badut, jai daukat: oraindik ez dut erantzun ziurra aurkitzen lagunduko didan Ama Birjinaren agerraldirik izan.
Izan ala ez izan, tomatea bota ala ez bota, arroz platerkada hoztu zait.