Izarne Zelaia: 'Letxugak oroigarri'
Kotxean nindoala, irratian “azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira” entzun diot Benitori. Itsasoa. Gure hiria hain erakargarri egiten duena. Iragarki batean nire gurasoen etxea anuntziatu beharko banu, Egia hondartzatik 10 minutura dagoela jarriko nuke. A zer pagotxa! Seguru nago uda batean urte osoko alokairua ordaintzeko adina diru aterako nukeela gurasoena turistei alokatuz. Izan ere, inork gutxik egingo dio muzin udan hondartzatik gertu egoteari. Udan edo urte osoan zehar. Urte osoetan zehar bizi izan baikinen gure herrian. Zenbatetan gerturatuko ginen itsas ertzera estresak jota arnas pixka bat hartu nahi izan dugunean. Edo bolada baxu samarrean ibili garenean ur hotzetan hartutako bainu batek zenbat aldiz lagunduko ote zigun. Tamala da gaur arte ohartu ez izana bizimodu hura luxua zela eta ez zegokigula guri. Itsas ertza beti baita erakargarri, beti baita salgarri. Bisitariari saltzeko geronek alde egin, hori da gaur-gaurko legea. Eta turismo eredua aldatzeko zerbait egiten ez badugu, halaxe izaten jarraituko du. Nik dakidala, oraingoz souvenir dendetan ez baitago salgai letxugarik.
Barkatuko al dit Benitok, inkontzienteak bere kantuaren bertsio donostiar bat egitera eraman nau eta:
Azken aldian Donostiako bizitza zailtzen ari da kaleetako zurrumurruan erdarak entzuten dira alokairua ordaintzekotan nator ondoko herrira edo lan egin beharko nuke eguzkitik eguzkira eta arnasten jarraitu nahi dut itsasoari begira
