Jexux Arrizabalaga: '1813, abuztuaren 31ko sarraskia'
Urtero, abuztuaren 31n Donostian gertatu zen sarraskia gogoratzen da. Egun horretan eta ondorengoetan 1.600 donostiar herritar hil ziren, edo hobeto esanda, hil zituzten.
Sarraski hori gogoratzeko aspalditik datorkigu Abuztuaren 31 kalean 22:00ak aldera egiten den ospakizun duina. Ospakizun honetan Abuztuaren 31ko argiak itzaltzen dira, eta balkoietan kandelak pizten dira. Txistulariek Donostiako ereserki zaharra jotzen dute, eta koruak abesten du ereserki hori San Bizente elizaren atarian, dantzatu ere egiten da. Kalean zehar, Kainoieta parean, oholtza jartzen dute, eta abesbatzak garaiko bertsoak eta abestiak kantatzen ditu; azkenik, Santa Maria elizaren atarian, berriro abesbatzak garaiko kantuak eta bertsoak abesten ditu. Ez dakit noiztik datorren ospakizun hau egiteko ohitura. Betidanik ezagutu dut eta duintasun handiko ospakizuna dela iruditzen zait.
Azken urte hauetan, berriz, iluntzeko ordu hori baino lehenago garai hartako militar jantzi eta arma disdiratsuekin batzuek aliatuena egiten eta beste batzuek frantsesena Bretxatik hasita kalean gora eta kalean behera ibiltzen dira elkarri tiro eginez.
Inon ez da irudikatzen militar horiek, hain zuzen, aliantza osatzen zuten Ingalaterrako, Espainiako eta Portugalgo erresumetako armada horrek hirira sartu zirenean ez zietela tiro egin frantsesei herritarrei baizik. Bertan bizi zirenei egin zieten tiro, eta ez hori bakarrik, horrez gain harrapatu zituzten emakume guztiak bortxatu zituzten eta batzuetan bortxatu ondoren hil.
Gainera, Abuztuaren 31 kalean Urgull mendi maldako etxeak salbu, hiri guztiari su eman zioten, aurrez ahal zuten guztia arpilatu eta makina bat herritar zauritu eta hil ere bai. Hasieran esan bezala, garaiko udalak egun horretan eta ondorengoetan 1.600 herritar hil zirela esan zuen.
Sarraski hori irudikatzen saiatzen dena Donostia Sutan elkartea da. 2012.urtetik 1813an gertatutako sarraskia salatzen dihardu, azken urte hauetan antzerki ibiltariaren bidez- aurtengoa abuztuaren 25an egin da- eta aurreko urteetan eta bereziki 200. Urteurrenean Plaza Berriako oholtzan aurkeztu zuen (ikus Donostia Sutan bloga).
Gainera, aipatutako urte hauetan gai honen inguruan hitzaldiak antolatzen ditu- aurtengoa abuztuaren 29an izan da- horrez gain Berripapera kaleratzen du eta sarraskiaren inguruan panelak jartzen ditu San Bizente elizako hesian, adieraziz zer gertatu zen sarraskiaren aurretik eta sarraskian bertan.
Honekin guztiarekin, elkarte honek aditzera eman nahi du hemen Donostian gertatu zen izugarrikeria. Oraindik ezkutatu nahi dutena. Aldi berean, elkarte honek aditzera eman nahi du “alboko kalteak” izenarekin ezagutzen dugun hori inola ere ezin dugula onartu, alegia, orduan bezala gaur egun ere zibilek ordaintzen dituztela militarrek egiten dituzten gerra horiek, egun hauetan Yemenen, Sirian eta abar ikusten ari garen bezala.
Amaitzeko esan, inongo edukirik gabeko gero eta hiri eta herri gehiagotan egiten diren ospakizun militar hauek (Gasteiz, Tolosa…) ez dituela onartzen Donostia Sutan elkarteak.