Jexux Arrizabalaga: 'Ikuskizunaren gizartea?'
Giza harremanak irudien bidez gauzatzen direnean eta benetako bizitza irudiek ordezkatzen badute, orduan Guy Debord pentsalari frantziarrak zioen ikuskizunaren edo espektakuluaren gizartean bizi garela. Garrantzia mezuak baino irudiak duenean, testuak baino irudiak eskaintzen duen ikuskizunak. Badirudi esaten dugula, “gu honen edo horren alde gaude, eta hori adierazteko egin dugu argazkia”. Zer egingo dugun, zer neurri hartuko ditugun, zeintzuk izango diren hartuko ditugun konpromisoak… ez dio inporta.
Egun hauetan medioetan ikusten ari garena ikusita, zer beste pentsa dezakegu? Alderdiak, sindikatuak, udalak, eta beste instituzio asko ari dira Euskaraldiari babesa emanez argazkietan ateratzen. Eta pentsatzen duzu, zer ondo ari garen eta oraingoan bai, oraingoan berreuskalduntze prozesuan aurrera egingo dugu. Gainera, kontuan izaten badugu azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den kanpaina ez den kanpaina hau norbanakoak aktibatzeari begira egin nahi dela, eta 2019an hasiko direla erakundeak berreuskalduntzeari begira neurriak hartzen, are gehiago.
Ea bada bizitza gutxiesteari eta ikuskizuna neurriz kanpo baloratzeari uzten diogun, hau da, egiten dugunari garrantzi handiagoa eman eta irudikatzen dugunari gutxiago. Horrela benetakoagoak izango gara.