Jexux Arrizabalaga: 'Turismoa Donostian'
Turismoaz hitz egiterakoan hasi behar dugu esanez geu ere turistak garela, gustatzen zaigula aisialdian bazterrak ezagutzea, munduan zehar bidaiak egitea, beste kulturak ezagutzea: paisaia berriak, eguraldi tropikalak, jende berria, leku lasaiak. Hau da, turistak izatea.
Donostia leku polita da, bai bisitatzeko, bai bizitzeko eta eskaintzen dituen onura anitzez gozatzeko. Betidanik hiri erakargarria izan da, batez ere uda partean. Beraz, normala da urte garai hori heltzen denean hiria kanpotarrez betetzea.
Maiatzean, Kursaalean, Nazio Batuen Turismo goi bilera egin zen, 50 herrialdetako ordezkariak izan ziren bertan, alegia, nazioarteko arlo honetan dabiltzan goi karguak etorri ziren, batez ere, turismoak eskaintzen dituen onurak aldarrikatzera. Ezer ez zen entzun turismoak sor zitzakeen kalteei buruz. Hori egin dutenak kalean, herritarrak izan dira, esateko hiri honetan, turismoa dela eta etxebizitzen prezioak, alokairuen prezioak nola egin duen gora, euskara, bertako hizkuntzaren presentzia nola ari diren kaltetzen aintzakotzat ez dutelako hartzen ez turismotik bizi direnek ez instituzioek.
Parte Zaharrean bizi naiz eta etxea bunker bihurtu behar izan genuen, beste auzokide askok bezala, bestela ez dagoelako, batez ere udan, lo egiterik. Etxebizitzak giro berrietara egokitu behar izan ditugu, etxe zaharretan igogailuak jarri eta abar, eta orain etxebizitza asko, bikote gazteak bizitzeko izan ordez, turistentzako pisu bihurtu dira. Alde Zaharrean etxebizitza erostea gero eta garestiagoa da espekulazioa handia delako eta dirua dutenek erosten dituzte pisu turistiko bihurtu eta negozioa egiteko.
Antzeko zerbait gertatzen da lokal komertzialekin. Souvenir dendak ugaritu eta zerbitzu dendak desagertu dira. Taberna eta jatetxeak, berriz, frankizien eskuetan gelditzen ari dira, eta frankizia hauek duten politikan ez da herri honetako ez kultura, ez hizkuntza kontuan hartzen.
Kursaalen egin zen Nazio Batuen Turismo Goi Bilera horretara EAEko sailburua den Alberto Retortillo etorri zen eta esan zuen Donostia turismoaren garapenaren eredu bilakatu dela, “bikaintasunaren” hiria.
Ez dakit gizon hori non bizi den, baina, ziur naiz Parte Zaharrean ez dela bizi. Hemen gertatzen denaren berri jakin nahi izango balu galde liezaioke Auzoko Elkarteari, horrela ikusiko luke zein den hemengo “bikaintasuna”. Kontatuko diote zenbat pisu turistiko legal eta ez-legal dauden; zer gertatzen den pisu hauek dauden etxepeetan; terrazak direla eta zenbat oztopo jasan behar ditugun; gauetan zer gertatzen den zaratarekin eta abar.
Gainera, “bikaintasun” hori ez da Donostiara mugatzen, herrialdean ere badira protestan dabiltzanak ezarri nahi dieten eredua ez datorrelako bat herritarren nahiarekin. Zumaiarrak, esaterako, ez dut uste “bikaintasun” eredu hori gustuko dutenik.
Herritarrek diotena aintzakotzat hartzen ez bada, negozioa egiten ari direnek pentsatzen dutena lehenesten bada, handikerietan oinarritutako erabakiak hartzen badira, miseriazko soldatak onartu eta sustatzen badira Andaluziako edo Mediterraneoko bazter askotan gertatu dena gertatuko da.