'Zaborraren eredua'
Jon Markel Ormazabal, musikaria
“Zaborra da gure erretratua, gastigatzen gaitu” Cosima Dannoritzer gidoilari eta errealizadoreak. Jaten duguna omen gara, hala daiteke, baina gure erretratua zaborra da. Eta gure zakarrak gure partez hitz egingo du etorkizunean. Hazkunde gizarte batean bizi gara, eta zaborra ere hazi egin da. Gure gizartean txertaturik dugu. Gero eta kontsumo handiagoa, gero eta zabor gehiago. Eta erraza bezain erosoa da erraustegiaren irtenbidea onartzea: “botatzen dioten guztia irensten” baitu. Egungo “krisi” ekonomikoa gainditzeko kontsumoa sustatzea ezinbestekoa dela esaten digute. Erosi eta erosi, eta berriro erosi. Etengabeko kontsumoaren eredua gailendu da, eta, horretarako, ezinbestekoa izan da kontsumitzaileari beharra sortzea. Modaren aldagai psikologikoa dugu horren adibide. Eta, hala ere, eroslea- kontsumitzailea da beti kaltetuena egungo salerosketa ereduan. Gu limurtzen iaioa den jendea dago marketin munduan, baina gu ere askotan nagiegiak gara adar jotzeen aurrean. Etxetresna eta gailu elektronikoetan ez ezik, zaharkitze programatua arlo askotara zabaldua da. Guztiak du iraungitze edo hiltze data jarrita. Eta gu erosi, bota, eta berriro erosi. Nolako gizarte eredua, halako bizi eredua. Eredu lineala deitzen zaio egun dugunari. Lerro zuzenean, ustiatu, kontsumitu, eta bota egiten da. Etengabe kontsumitzera eta gailu berriak erostera bultzatzen gaitu eredu honek. Zaharrak tonaka pilatzen ditugu zabortegietan, zabor mundu bat sortuz. Errauste plantak ez du eredu hori aldatzen. Zabortegiaren ordez materialak erraustu egiten ditu eta zabor toxikoagoak ateratzen. Gainera, errauste plantak hondakin asko behar ditu errentagarri izateko, bere labeen beharrak asetzeko. Birziklatzea eta errauste planta ez dira bateragarriak. Zero Zaborrek eredu lineala zirkular batekin aldatzen du. Materialak berreskuratu, birziklatu eta produktu berriak ekoizteko erabiltzen da. Finean, jokoan dagoena gizarte eredua bera da. Hargatik, egun indarrean dagoen gizarte ereduaren defentsa egiten duten PSOE-PNV-PPren ustezko errezelo eta ageriko kontrakotasunak atez-atekoaren aurrean. Hitz egin dezatela zaborraren kolore politikoaz. Edukiontziez desagertzear den espezie gisa. Bankuekin izenpetu zituzten zorrei buruz. Hitz egin dezagun hasiera –edo azken pausoa– besterik ez den Zero Zabor ekimenaren aukerez. Herritarren parte-hartze, konpromiso eta herri galdeketez. San Marko Mankomunitateak antolatzen dituen bigarren eskuko merkatuez. Konpostaz eta biomasaz. Kontsumo eta produkzio ereduaz. Hitz egin dezagun deshazkundeaz. Hasteko, deshazkundea hemengo produktuak kontsumitzea izan daiteke, garraioen gastua murriztuta. Hitz egin dezagun eta konpromiso hartu. Gure etxea sutan da eta beste norabait begiratzen baitugu.