Jon Odriozola: 'Bakartia'
Jon Odriozola, Kazetaria
Joan den igandean, Anoetako partidaren amaieran, beste begi-ondoko bat jaso ondoren, Realak bigarren gola hamahiru minuturen faltan jaso baitzuen –zenbat halako ikusi ditugu aurtengo denboraldian–, zalegoa bat zetorren talde txuri-urdinaren atezain gaztearen lana azpimarratzeko orduan. Realaren aurka adierazitako penaltia gelditu egin zuen argentinarrak; tamalez baloia urrundu ondoren, Lucas Perezek ez zuen bigarren ahaleginean errukirik izan. Halere, atezain onaren plantak ditu Rullik, eta bere dohainak partidaz partida erakusten ari da.
Atearen zaintzaren ardura duten jokalarien inguruan, Soloporteros web orriak, atezainen eskularruak egiten dituen Rinat markarekin batera, apirilaren 14a, Atezainen Nazioarteko Eguna izendatu zutela jakin nuen Errepublika Egunean. Data hau aintzakotzat harturik, Espainiako Bigarren Errepublikan, Realak, izenez aldatu zuela ekarri nahi dut gogora: 1931-1939 artean, Donostia Football Club deitura izan zuen talde txuri-urdinak, eta koroa, armarritik desagertu egin zen.
Rinaten ekimena, besteak beste, Miguel Angel Calero atezain kolonbiarra omentzeko asmoz jaio da. Calero Andeetako Kondorra bezala egin zen ezaguna, eta bere taldea erasoan irteten zenean, Rene Higita atezainaren antzera aritzen omen zen. Hau da, areatik ateratzen zen, bere gunetik irteteko joera zuen. Iaz zendu zen atezain kolonbiarrak 42 urte beteko zituen iragan Errepublikaren Egunean.
Egun berean, bezperan, bi idazle handi hil zirela jakin genuen: Günter Grass eta Eduardo Galeano. Montevideon (Uruguai) jaiotako idazleak, bera joan arren, futbolaren inguruan idatzi den libururik ederrenetarikoa utzi digu: El futbol a sol y sombra. Liburu atsegina. Hamaika laguni oparitu izan diot, eta denek bertako pasarteekin gozatu dutela aitortu didate.
Orrien artean, El arquero (atezaina) atala topa daiteke. Bertan, Galeanok, guardavallas-en deskribapena egiten du: «Partidak urrutitik ikustera behartua dago», dio. Golegileak poza eragiten omen du, atezainak, hondatzaileak, berriz, bertan behera uzten ditu gol ahaleginak. «Jokalari batek penaltia egiten duenean, bera da zigortua; han uzten dute, bere borreroaren aurrean abandonaturik, ate hutsaren handitasunean».
Alemaniako Bundesligako Friburgoko jarraitzailea izan zen Günter Grassek, bestalde, Estadioa gauez izeneko poema idatzi zuen, non atezaina poeta bakarti batekin alderatzen duen. Partidaren batean atezainen batek huts egiten duenean, Günter eta Eduardorekin gogoratuko naiz. Ziur, jada, futbolaz