'Bidaia txartela'
Urtarrileko aldapa utzi dugu atzean: opariak, merkealdiak, txotx denboraldiaren hasiera… denetarik izan dugu. Orain, Santa Agedarekin batera, Inauteriak iristear daude. Oso urrun joan gabe, benetako mozorro festa –zer jantzirekinkokatuko duen ligako bigarren txanpa–, igandeko partidaren ostean jakingo dute ziurrenik txuri-urdinek.
Talde irabazlez mozorrotu nahi dute Montanierrenek, garaipenak, erronka preziatuaren bidean jarri baitezake Reala: Europarantz begira. Denboraldi erdiko lanak amaitu dira, eta irakurketa positiboa da. Baita bigarren itzuliaren hasiera ere. Bartzelona ahalguztidunamendean hartu ondoren, Vigon puntu bat urratu zuen taldeak: Altxor eskasa askoren aburuz.
Datorren igandean, hiru puntuak erdietsi ezkero, ametserantz doan errepidea hartu dezake bete betean kuadrillak. Eta noski, behin hartuta, ez dute norabide hori galdu nahiko. Urteak eman ditu Realak sailkapenaren hegoalderantz begira, beraz, norabide berri bati heldu nahi dio: Datorren urtean, Europan jokatzeko aukera ematen dion lehia preziatuari. Ibilbide ia arrotza, urteak baitira azken aldiz kontinente zaharrean barrena nor baino nor lehiatzen aritu zela. Zalea ere zelatan dago. Adi-adi. Bero-bero. Itxaropentsu. Gogotsu.
Europako hainbat herrialdetako herritarrei begira, edo kontura, bizi den herrialdeko taldea izango dute txuri-urdinek bisitari Anoetan: Mallorca. Casadesus, Marti eta N’sue, Realeko ohien taldea. Cruyffek erretzeari utzi zionean, txupatxusak jateari ekin zion. Ez dakit Caparros erretzailea izan den, baina txikleak ederki astintzen ditu. Jokalariei ahalik eta zuku gehien ateratzen ahalegintzen da. Bere berotasunak inguruko guztiak kutsatzen ditu, baina taldeak daraman bide (gora)beheratsua ikusita, igandekoa, emaitzaren arabera, andaluziarrentzat azken bidaia izan daiteke.
Mallorcako eserlekuari agur esateko aukera asko dauzka, baldin eta Anoetan altxor txiki bat lortzen ez badu. Erronka handia. Baina ez berarentzat bakarrik. Zale txuri-urdinak, taldea, sailkapeneko tropelburuan ikusi nahi du amets bat lortzeko deman. Gero Levante eta Betis izango dira bisitari Anoetan. Horiek ere, datorren urtean, Europan barrena ibiltzea dute xede. Has gaitezen bidaia txartelak lehenbailehen ziurtatzen, inork aurrea hartu eta etxean geratu aurretik. Bidaiaren lehen geltokia, Mallorca.