'Epaiketak'
Jon Odriozola, Kazetaria
Bi asteburu. Bi partida. Bi talde andaluziar. Bi emaitza berdin. Anoetan, 1-1. Malagan, 1-1. Betisen aurkako partidaren azken txanpan, entrenatzailearen aurkako oihuak. Igandean, epaileak partida amaitu zela adierazi zuenean, lasaitasuna eta festa nagusitu ziren: bai harmailetan, eta baita jokalarien artean ere. Bi lehietan puntu kopuru berbera lortu zuten. Eta ia jokalari berberak zelairatu ziren, ezta? Malagan, gainera, hamar jokalarirekin amaitu zuen taldeak.
La Rosaledako partidaren atarian, astean zehar realzale artean eta hedabideetan entrenatzailearen harian entzun eta irakurri ditudan gauza batzuk, jokoz kanpo (harrituta) utzi naute. Aireraturiko esaldi eta zenbait hitzek jomugaren erdian- erdian jarri dute frantziarra. Bat baino gehiagorentzat gaitz guztien errudun da: «ez ditu aldaketak arin egiten», «ez da gai eskuartean dituen lanabesak kudeatzeko»…
Entrenatzaile piloa biltzen gara hamabostero Anoetako harmailetan. B akoitzak bere tesiak defendatzen ditu. Sutsuki. Denok dugu arrazoi. Guztiok ulertzen dugu guztiaz. Eta, askotan, eserleku nagusian esertzen denari ere zer egin behar duen esaten aritzen gara oihuka, eskuartean zer duen gogoraraziz. Pertsona bati entzun nion behin: «Egin nahi duenari, utzi lanean, eta gero mahai baten inguruan mintzatuko gara egindakoaz; ondo edo gaizki egin duen, alegia». Futbolean, ondo edo gaizki aritzea, ez da erraza. Futbolean, emaitzen diktadurak agintzen du. Emaitzei bost axola zaizkie proiektuak, harrobia… irabaziz gero, errege. Galduz gero, hutsaren hurrengo. Eta helburuak lortuta ere, batzuetan…
Azken epaira –Ligaren amaiera– hurbiltzen ari da. Nahiz eta, askorentzat, asteburuko dema bakarra larunbatekoa izan (Camp Nou), igandean ere izango da partidarik. Apirila amaitzeko falta diren bi asteburuetan, futbola izango dugu Anoetan. Emaitza berbera lortuz gero (garaipena), beste urtebete Lehen Mailan. Altxor amestua. Taldeak lehenbailehen 45 puntu lortzen dituenean –hala bedi– ederki poztuko naiz. Eta ni bezala, beste hamaika. Eta xedea bi asteburu barru erdiesten bada, zer esanik ez. Helburua ez dago urrun. Beraz, «egin nahi duenari utzi lanean, gero…».