Joseba Elosegiri
Zuberoako kantu zahar baten melodia baliatuz, Etxamendi eta Larralde bikoteak abesti eder bat plazaratu zuen duela mende erdi. Garaiko estiloaren arabera, biniloan zabaldu zen kanta. Gezurra dirudien arren, klandestinitatean. Abestiaren protagonista, Joseba Elosegi donostiarra. Izenburua, zehatza: Joseba Elosegiri.
Carabanchelgo espetxean zegoen preso, ospitalean hiru hilabete pasa ondoren. Zauri larriak: une batez hil zorian zirudien. Baina Elosegik prestatutako ekintza, arrakastatsua izan arren, ez zen hilgarria. Munduaren arreta eskatzen zuen ekintzaileak. Nazioarteko begiak Euskal Herrira erakarri. Franco diktadorearen tirania agerian utzi.
Eta hori erakusteko leku aproposena 1970eko Munduko Pilota txapelketak zirudien, Donostiako Anoetako frontoian. Diktadorea bertaratu zenean, Elosegik bere buruari su eman zion, eta, «Gora Euskadi askatuta» oihu eginez, Franco zegoen tokira bota zuen bere burua. Tich Quang Duc Vietnamgo fraide budistak su eman zion bere buruari, eta hil egin zen, 1963an. Estatubatuarren inbasioaren kexu. Bontzo (fraide budista vietnameraz): nork bere buruari su eman. Horren harira, Elosegiren ekintza. 1970eko hamarkadan euskal gatazkan bi hildako egon ziren, bontzo erara euren buruari su eman ondoren: Nguyen Van Dong (Miarritzen) eta Jacques Andreu (Pauen). Ahaztuak.
Elosegik, ordea, gutun bat plazaratu zuen. Are gehiago, liburu bat idatzia utzi zuen: Quiero morir por algo. Bertan, haren bizitzaren gorabeherak: Gernikako bonbardaketa, Frantziako erresistentzian parte hartzea, ikurrinaren aldeko ekintzak… Horregatik iritsi zaigu gaur arte. Baita Etxamendi eta Larralderen abestiari esker ere: Joseba Elosegiri, gizon miresgarriari.
Nire etxetik gertu gogoratzen dut Elosegi, Amara Zaharreko auzoan. Eta, askotan, haizeak bere oroimena ekartzen didanean, dantzan jartzen nau abestiaren letrak: «Adios mendi ederrak, oihan eta itsas bazterrak, Adios donostiarrak…». Zorionez, Elosegi eta beste askori esker, indarrean eta eguneratuak ditugu gure mendi ederrak, gure itsas bazterrak, gure hizkuntza.