Joxe Austin Arrieta: 'Na’ ezuna intzazu, Igeldo'
Joxe Austin Arrieta
Mina ematen dit, ze arraio. Ondotxo dakizu zerorrek ere. Dibortzioa nahi duzula, alegia, eta zer uste duzu? Iji eta aja, hitz-parrastada epeletan hasiko naizela? Ez ba…Purrustada botatzen behintzat utzi beharko didazu, horratik…Nola baina? Nola bururatu zaizu horrelako erokeria bat? Ez duzula donostiarra izan nahi? Baina, baina…ez al zara dagoeneko gogoratzen zeinen ondo pasatzen genuen elkarrekin Ku hartan-eta, musika psikodelikoan blai, argi-errainu itsugarri haietan izerdiz eta algaraz? (belaze epaiberriaren usain hordigarria zerion zure gorputz eder osoari, zure hortzak benetako perlak ziren metafora topiko guztietatik harantz, zure begi berdeen ñir-ñir hura…aski da).
Ez. Badakit zer erantzungo didazun. Hori guztia, eta are gehiago, dena, gogoan duzula. Baita zure frontoi dotorean jokatzen genituen esku-huskako nahiz palazko partidak ere. Eta ondorengo afari-merienda oparo haiek, mahatsaren orpotikako mama gozoaz ongi bustiak, zure edozein jatetxe nahiz sagardotegitan.
Baietz, hori dena oso ongi dagoela, baina iragana dela. Eta badirela beste gauza asko. Eta bat, ororen gainetik: zu zeu zarela. Ez zarela nire auzo. Nire bizi-lagun baizik.
Makina bat aldiz azaldu izan didazu, baina horra, nik ulertu ezin edo ulertu nahi ez. Zure askatasunak ez omen nauela mugatzen. Askeagotzen omen gaituela biok. Inoren askatasunak ez omen duela beste inorentzat oztopo-harri izan behar, bizigarri eta eragingarri baizik. Tira ba, hala beharko du. Baina et-et-et, kontuz gonbarazioekin, aizu. Mikro-autodeterminazioarekin, adibidez, askotan aipatzen didazun horrekin. Hau da: espainolek eta frantsesek euskaldunokin eduki lezaten nahi genukeen jarrera bera eskatzen didazula, besterik ez. Erabakitzen dugunarekiko errespetua. Hots, erabakitzen duzuenarekiko errespetua.
Ariketa demokratikoa, azken finean, ispiluaren alde batetik eta bestetik, baina ariketa bera, nonbait…Euskal Herriak Espainiari eta Frantziari nolatsu, zuk ere, Igeldo, niri, Donostiari, halatsu…Alajaina. Zure ahotik hori entzun orduko, asaldatu eta errietan hasten natzaizu, badakizu: horren gaizki tratatu al zaitut, bada? Espainiak eta Frantziak Euskal Herria bezain gaizki?…Zu isilik gelditzen zara, gehientsuenetan. Agian, tristuraz. Baina ez kikilduraz, dena den. Inoiz esan ere izan didazu-eta, nire zapuztaldi gordinari gordin erantzunez.
Kokoteraino zaudetela ñoñostiar señoritooz (ñoñostiar: horra neure onetik ateratzen nauen beste hitz bat, baina zuk taka, ez duzu kolkoan gordetzen, ez horixe), urte gehiegi daramazuela gure bukolismo txatxuak pairatzen (eta aberatsentzako villa-urbanizazioak), urte gehiegi gure casheroak izaten (y a mucha honra eransten duzu, erdaraz, eta segidan: «zuek ahaztu egin duzue-eta gure hizkuntza, baten batek eutsi beharko, ezta?»… badakizu, bai, mina ematen zuk ere, nahi duzunean, Igeldo Mari-Pertxenta horrek)…
Beno. Zirt edo zart. Honela ezin dugu jarraitu. Beharbada, hobe bakoitza bere aldetik. Irrikitan zaude zeure buruaren jabe zarela eta zeure burua gobernatzen gai zarela frogatzeko. Froga ezazu, bada. Na’ ezuna intzazu, Igeldo. Edo, Txillardegineko Antiguatar Handiak erakutsi zigun euskara batu txukunean idatzita: nahi duzuna egin ezazu, Igeldo…(Poztuko litzateke hura, seguru, baita, deskuidatuz gero, Antiguaren niregandiko desanexioa aldarrikatzen hasiko ere…).
Eta gero, Altzatarrak etorriko zaizkit, Joan Mari Irigoien buru, haiek ere donostiarrak ez direla esanez… Ene bada: martxa honetan, Bulebarretik barrurakoa bakarrik izango dut neure berezko territorio, hau marka…). Baina polita da diozuen hori, aitor dut: ez zarete Nire Auzoak, elkarren Bizi-Lagunak gara. Izan gaitezen, bada.