
Orain aste batzuk jakinarazi ziguten, gure kosmobisio, estereotipo eta hizkuntza propioan, gurea ez den errealitate batzuei barre egitea ez dela zilegia. Esan ziguten ezin dugula inondik inora, beste inor (zanpatzailea bada are gehiago) azpiratzeko intentzioz burlarik egin.
Ikusi dut Twitterren, gizonezko komiko bati egindako boikot kanpaina bat, zer eta, eduki matxistak dituelako bere emanaldietan, eta ikusi ditut “gizonen aurkako bazterkeria” hitza erabiltzen emanaldietako batzuk bertan behera geratu direlako.
Entzun dut, auzoko denda baterako langile bat bilatzen ari direla, eta ustezko langilea “euskalduna” edo “euskalduntzen ari dena” bilatzen dutelako elebakarrak diskriminatzen dituztela bertakoek. Eta aldi berean inor ez da harritu, udan terrazetan zerbitzari gisa lan egiteko, ingeles eta frantsesa eskatzen dituztelako.
Beste hiri batean, beste auzo batean, ez omen dute ijitorik nahi haien kaleetan, eta aditu ditut esanez, ez dela arrazakeria, edozein kasutan, ijitoak direla arrazistak ez dutelako bertakoekin integratu nahi. Eta gauza bera entzun dut, urteetan, beste edozein jatorriko pertsona edo komunitateen inguruan, hots, finean, haietxek direla arrazistak.
Eta ziurrenik ez gara zapalduak (emakume, euskaldun, migrante…) izango, hain zuzen justizian itsu-itsuan sinisten dugun herritar multzoa, baina hala ere, paradoxikoki, geratzen zaigun borroka oinarrizkoena, geure eskubideak aldarrikatzea da. Gure eskubideak aldarrikatzea, edo edozein kasutan, bestearekiko eskubide berdintasuna aldarrikatzea, hots, nireak zureak adina balio dezan eskatzea.
Izan ere, eskubide berdintasunaren oinarrian bada pribilegioen ezabatze bat, batzuek besteek baino gehiago balio ez dezaten eskatze bat, eta agian horrela, soilik horrela, eskubideak berdindu ezkero, egun menpekoak garenok izango dugu besteak baztertu edo zanpatzeko ahalmenik; baina ez lehenago, ez orain.
Kattalin Miner, idazlea eta kazetaria