Kultura ez da eremu samurra
Ia lau urte pasatu dira Guardetxearen ateak itxi zirenetik. 2019an, hamar urteko lagapena bukatzean, ordura arte izandako funtzionamendua eten egin zen. Orduan hasi ginen Bandabat elkarteko kideok handik materiala ateratzen, obren hasiera ahalbidetzeko, udalaren esanetan ezinbestekoak baitziren lagapen berria ateratzeko. 2020an, pandemia urrezko aitzakia izan zen obrek geldirik jarraitzeko. 2021an saiakera bat izan zen udalak epe aldetik konpromiso (nahiko malgu) batzuk hartzeko, baina atzera bota zuten. Albisteren bat argitaratu zen, esanez obrak hasi zirela, baina, orain arte, larrialdi atea hormatu besterik ez dute egin. Azkenaldian, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak espazioaren utzikeria eta gaztetxe baten falta salatu du, Guardetxea okupatuz eta auzolanera deituz.
2015ean sartu nintzen Guardetxeko asanbladan, beste hainbat jende berrirekin batera. Koordinazio eta mantentze lanak egiten genituen batez ere: espazioa guztiz irekia zegoen hemengo kolektiboek programatzeko. Urte horietan izugarri ikasi eta gozatu genuen beste kolektiboekin elkarlanean. Akats ugari ere egin genituen, noski. Lagapenaren azken hilabeteetan jende gutxiago zegoen asanbladan, eta zarataren inguruko salaketen ondorioz aktibitatea murriztu egin zen. 2020ko berrogeialdiaren ostean asanbladaren berpizte txiki bat izan zen, baina egoera hobetzeko aukera ezak eragin zuen hori dispertsatzea. Presioa egin genezakeen udalak obrak egin eta lagapena ateratzeko, baina ez zegoen proiektua eutsiko zuen talde sendorik.
Donostian kultura ez da eremu samurra dirua edota kontaktuak ez dituztenentzako. Orokorrean, bideak urriak dira: udala, Kutxa, areto pare bat (azken finean negozioak ere badirenak)… Badira Undermount eta Kontenedoraren moduko espazioak, proposamen ez-lukratiboei ateak irekitzen dizkietenak. Gure ustez, Donostian oinarrizko kultura zaindu behar da, eta horretarako Guardetxea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Ez espazio soil gisa, baizik eta filosofia konkretu baten adierazgarri gisa: kudeaketa deszentralizatua, parte hartzailea, merkatutik kanpokoa, eta hein handi batean autogestionatua. Uste dugu horrelako egitasmoak udalak sustatzen duen hiri ereduari kontrajarriak direla, eta hortik datorrela Guardetxearekiko utzikeria. Gurea ez da inoiz norbanako gutxi batzuen proiektu pertsonala izan, eta ez digu axola nork kudeatuko duen espazioa, baizik eta oinarrizkoa deritzogun filosofia hau mantentzea. Hura errespetatuko duen edozein kolektiboren alde egiteko prest gaude, Guardetxearen izaerak eta Donostiako kultura alternatiboak bizirik jarrai dezaten.