'Landismoa' ala hil?
Mikel Landaren jarraitzaile sutsuak garenok zorte handia dugu aurtengo Frantziako Tourra Euskal Herrian hasiko dela eta. Inoiz egin duen denboraldi hasiera hoberenaren ondoren, esperantzaz beterik gaitu Mikelek eta ikurrinez beteko ditugu ziur gure errepideak. Txirrindulariak animatzeko asmoz. Tourra kirol proba soil bat baino, gure herria mapan jartzeko balio duen mundu mailako ikuskizuna da eta dudarik gabe aprobetxatu beharra daukagu.
Baina aurtengo Tourra amaituko den moduan, Mikel Landaren bizitza profesionala ere pixkanaka bere helmugara iritsiko da noizbait zoritxarrez. Landismoa-ren ondoren Euskal txirrindularitzaren heriotza al dator?
Gazte asko ari dira profesionaletan lehiatzen, baina argi esan beharra dago ere gaur egungo txirrindularitza berrira ere moldatu beharra daukagula, hori egin ezean basamortu luze bat izango baitugu aurretik. Donostialdean, txirrindularitzak jarraipen zabala dauka eta asteburuetan txirrindulariz betetzen dira errepideak, baina proportzioan txirrindularitzan dabiltzan gazteak oso gutxi dira oraindik, eta, noski, horrek bere eragina du ondoren profesionaletara iristen diren gazteen kopuruan.
Txirrindularitza modernora egokitzeko prozesu horretan, Donostialdea Bizikletan Txirrindulari Eskolak aurretik eskualdean egon ziren beste eskolen testigua hartu zuen gazte eta guraso batzuen lanari eta enpresa batzuen laguntzari esker. Gure ohiko mugetatik at lehiatzen, txirrindularien formakuntzan sakondu eta jarraipen handiagoa egiten eta osasun mentalari ere merezi duen tartea eskaintzen hasi gara poliki-poliki, eta kudeaketa arloan ere eraldatze eta saretze lanketa batean murgildu gara klubaren etorkizuna ziurtatzeko asmoz. Gure eskolako gazteenentzat Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren anaiak (Euskaltel-Euskadi) eta Yago Agirre (Sauris Rouvy) gisako erreferente donostiarrak izateak asko lagunduko du ziur, baina ezinbestekoa da klubean lanean dauden pertsonak zaindu eta gure erreleboa sortzen joatea pixkanaka.
Inori ateak itxi gabe, baina inoren zain egon gabe ere, 2023 honetan Goenaga Yogurrak nesken txirrindularitza taldea martxan jarri dugu babesle berri batzuei esker. Hiru eskola desberdin elkartu eta mimo handiz zaintzen ari garen proiektu bat da, bai erronkak berak duen zailtasunagatik, baina baita aspalditik genuen eskari bati erantzuna ematen hasi garelako. Ilusioz dihardugu lanean, Mikel Landa ez bada, behintzat etorkizuneko Ane Santesteban eskola honetatik atera dadin.