Lurperatu
Easoko geltokia eta Euskotrenbidea lurperatzekoak direlarik, eztabaida dago eremuanzer egin. @bateaso Twitter kontutik herri partaidetza prozesua aldarrikatzen dute, hiriak irabaziko duen espazio berriari buruz erabaki ahal izateko.
Pasantearen obrarengatik egingo den arren, Euskal Trenbide sarea lurperatzea hiriko hainbat gobernuk eskatu izan dute. Eztabaida liteke halako gastuak merezi ote duen baina nabarmena da geurea bezalako hiri mugatuan espazio zentriko horrek aukera anitza eskaintzen duela. Onerako zein txarrerako, jakina.
Trena lurrazpira eramatea ez da logika berria, enbarazu egiten digun batzuetan lurrazpira eraman dugu. Bestela mendi magalera zokoratzen dugu, geure gaineko zubitik eramaten (Iztuetan moduan) edota oinezkoak azpitik zein goitik bideratzen (Atotxako geltokian). Hori egiteko aukera ekonomikoa egonik, ez da aukera txarra trena eta herritarren egunerokoa uztartzeko.
Autoena, ordea, beste kontua da. Easo ingururako proposamenen artean, bada kotxeak lurrazpira eramatea proposatu duenik. Ideia ona dirudi, oinezkoei, herritarrei, bizitzeko tokia ematea. Zoritxarrez, arazoak lurperatzeak ez du desagerrarazten. Autoak lurrazpiratzea hautsa alfonbrapera botatzea modukoa da: arazoa itxuraz txukuntzea, konpondu gabe.
Bere garaian Madrilgo alkate Alvarez del Manzanoren ametsa zen bere hiripea zuloz jostea autoak nahieran ibil zitezen. Madrilgo eskuinak halako kaskagogorkerietan darraien arren, zuloena pixka bat baztertua zuten, Voxek zulozaletasun horri berrekin dion arte. Zoritxarrez, geure hirian progresistagoak diren indar batzuek ere arazoak lurperatze horren alde egin dute inoiz.
Dirutza gastatzen ari dira Euskotren bidea eraldatzen, ustez garraio publikoaren defentsan eta autoak ekidin asmotan. Era berean, baina, autoak etortzeko eta aparkatzeko pizgarriak egin dituzte inguruan. Ikusteke dago gune zabal berri honetan zer egiten den. Nire ustez funtsezkoena benetako partaidetza prozesua egitea da. Eta prozesu horretan, neuk behintzat, nahi nuke, bai, autoen nagusitasunari aurre egingo dion eremua izatea emaitza.
Hori lortuko bada, garrantzitsua da hasieratik diseinatzea ahalik eta kotxe gutxien erakarriko dituen eremua. Ezingo da goikoa luzez txukun eta polita mantendu, azpiko hodiak eta hobiak gainkargatu daitezen bidea irekita uzten badugu. Arazoak estaltzea baino hobe da hasieratik ekiditea.