(Argazkia: @CalleMaldatxo)
Iñigo Izquierdo dut izena eta 30 urte ditut. Donostian jaio, hazi eta bizi izan naiz, eta denboraldi labur batzuk kenduta, Egian egon naiz beti.
Urte hauetan guztietan Maldatxo bidea –egun Maldatxo kalea– nola hondatu den ikusi dut. Ahuntz-bide baten modukoa izan da beti. Bide zikin bat, harritsua eta zuloduna. Noizean behin langile batzuk etortzen ziren eta galipot apur bat jartzen zuten arriskutsuak ziren guneetan. Konponketa horiekin –nolabait esateagatik– hurrengo konponketa iritsi arte aguantatzen genuen. Azken urteotan, ordea, inork ez du ezer konpontzen. Kale garbitzaileak ere ez dira igotzen Maldatxora, eta duela gutxi bizilagunok auzolanean garbitu genuen dena.
Arazo honi serio heltzea erabaki nuen:?Twitter kontu bat sortu nuen eta deiak egiten hasi nintzen. Udaletxean esan zidaten ez zela euren arazoa; Mugikortasunekoek, aldiz, esan zidaten udalarena zela Maldatxo bidea eta udalak konpondu behar zuela;?Ondareaz arduratzen direnek, berriz, bizilagunon arazoa dela, baina ez guztiz… eta abar. Informazio guztia bildu eta gero ondorioztatu nuen bide hau pribatua dela, baina erabilera publikokoa dela. Edonork erabili dezake: oinezko batek edo gidari batek. Besteak beste, Osalanera igotzeko. Konponketa guztiak, ordea, guk egin behar ditugu. Txantxa dirudien arren, hala da.
Hau gutxi ez balitz bezala, duela hilabete batzuk udalak bota egin zuen frantziskotarren baratzea inguratzen duen hormaren zati bat, eta lan horietan Maldatxo kaleko bidea hondatu zuten. Bizilagun batek –uste dut igeltseroa dela– bere kabuz konpondu zituen lanek eragindako kalteak, baina orain berriz ere egoera oso kaskarrean dago bidea. Inork ez digu konponbide bat ematen. Bide arriskutsua da autoentzat eta oinezkoentzat, oso arriskutsua.
–Iñigo Izquierdo. Egia.