
Euskara hizkuntza bakartua izan da, herri bakartua gurea, eta zer esan Donostia. Kantauri ertzeko perla polita, ingurune malkarrean oasia, garaian garaiko joera eta pentsamenduen –esan nahi da, agintearen komenentziakoak ez zirenak– ezaxola bizi izan da. Ideia hauek topiko indartsuak izaten jarraitzen dute. Topiko batzuk errealitatea dute oinarri, eta, beste batzuk, gehiengoak, beharrik ere ez. Topiko edo ideia estereotipatuek aurrez ez ziren errealitateak sortzeko ahalera dute, eta hauen erabilera sustatzeak horixe izango du helburu, errealitate berriak sortzea. Ez da harritzekoa, beraz, topikoak batez ere egia bat desitxuratu edo gezur bat zuritzeko erabiltzea. Gezur erdi asko eta osoak ez gutxi, eta erabiliaren erabiliaz, topikoen oinarrian eraikitako hiriaren irudia atopiko bilakatzen da azkenerako; hau da, leku jakin batekin edo arrazoi zehatz batzuekin ustez inolako loturarik ez duen irudia. Eta hain dugu berezia, espezial gure Donostia, Historiatik aparte dagoela, omen.
Iragan urriak bi efemeride ezin borobilago ekarri dizkigu. Horietan eta horietatik dabiltza nire hipotesiak eta bizarrak.
Gaztelerazko izendapenean darama hiriak penitentzia, santu-jalea, kristaua, eta ororen gainetik, katolikoa. Lehen eta beti. 500 urte bete dira Martin Lutherrek Wittenbergeko (Saxonia) jauregiko elizako atean bere 95 tesiak eseki zituela. Ez dakit nola moldatu zen fraide augustindarra Eliza katolikoaren induljentzien kontrako ideiak elizpe bakarrean egokitzeko, baina XVI. mende erdialdeko Donostian non itsatsi izango zuen. Trentoko Kontzilioa eta kontrarreforma katolikoaren bero-sukarretan, Donostiako familia nagusiek komentuak sortu bait zituzten han eta hemen, harresien barruan eta kanpoan.
Leku komuna da esatea Donostiak kontrarreforma bete betean bizi izan zuela. Kontrarreforma, baina, Martin Lutherrek eta Joan Kalbinok abiatu erreforma protestanteari erantzuna izan zen, Eliza katolikoa babesteko mugimendua. Eta erantzun edo babestu beharrak berak agerian ditu bestelako errealitateak. Jose Mari Imizcoz historialariaren hitzetan garai hartan Inkisizioak begiz jo zuen Donostia garai hartan, eliza katolikoa beldur baitzen donostiarrek merkataritzaren bidez beste herrialdeekin zituzten harremanen sokari jarraituz luteranismoa sartuko ote zen. Pedro Pacheco apezpikua izan zen kontzilio hartako irakaspenen zabaltzeko arduradun bazter hauetan. Kronikek jaso dute nola hura eta haren ondorengoak behin baino gehiagotan bildu ziren eliztarrekin.
Bigarren efemerideak Neguko Jauregia hartzera garamatza, orain 100 urte boltxebikeek egin bezala. Eta topikoa da Urriko Iraultza eta bizardunak lotuan irudikatzea. Hala egiten dut nik ere, gizateriaren historiak ordura arte sekula ikusi gabeko antolaketa politiko, sozial eta ekonomiko bati hasiera eman zioten, boltxebike denak, gizonezko zein emakumezko, bizardun irudikatzen.
Donostia, berriz, Belle Époque bete betean aurkitzen zen eta bizarrak ez omen ziren modako ezaugarri, areago gutxiago iraultzak. 2017ko ekaina eta urria artean greban irten ziren arotzak lehenik, okinak gero eta baita trenbideetako langileak ere; arrandegietan ohikoak egin ziren protestak eta motinak; eta estatua dardararazi zuten greba orokorren errepikak ere aditu ziren gurean.
Ez baikinen bi gertakariok eragin haizeak arnastetik hain urrun ibili.