
Hitz egiten dugulako ulertzen omen dugu elkar. Hitz egitean, hitzak elkarrekin kateatzen ditugu eta horrela esanahi bat aditzera ematen. Hitzak izan daitezke laburrak edo luzeak, batzuk egiten zaizkigu ederrak, besteak itsusiak, daitezke ulergaitzak eta ezagunak, edo berriak. Sarrionandiarentzat gordelekuak ere badira hitzak: “hitzak gorde dezake egia erdia edo gezur t´erdia, gezur erdia edo egia t`erdia”.
Higatu egiten dira hitzak eta atzo egia zena, gaur gezurra da. Komenientziak bihurritzen ditu hitzak. Eta botereak. Esanahia mudatzen dute, eta batzuetan baita esanahia galdu ere. Orduan, hustu eta gabetu egiten da hitza. Kategoria abstraktu bilakaturik, hitzak edozein esanahi har dezake. Halakoxea dugu “kultura” hitza. Edo “bizikidetza”.
“Kultura elkarrekin bizitzeko tresna” dela esateak, badu egiatik. Zenbaiten ahotan, ostera, gezur osoa ere bada. Elipsiak bilakatzen du azken hauen “bizikidetza” gezur. Esaten ez denak, aipatzen ez denak, omisioak. Donostiarekin Europako Kultur Hiriburu titulua partekatzen duen Wroclaw hirian, LGTBQI pertsonak edo abortatzea jazarriak direla behar beste ez aipatzeak, esaterako, murriztu egiten du bizikidetzaren egia.
Hitzek begiak dituzte. Hitzen bidez ikusi egiten dugu. Hitzak munduak irekitzeko balio du, baina baita ixteko ere. Zarratzeko. Hersteko. Botere-harremanak ikusten ez ditugulako gaitezke izan “bizikide besteak bezala ikusten ditugun pertsona horiekin guztiekin”. Ez dugu ikusten begiratzen ez dugulako. Edo beste alde batera begiratzen dugulako. Eta hiriak azalean ditu antagonismoak, ikusi nahi duenarentzat ikusgai zapaldu eta zapaltzaileak. Gertatzen den ezer ikusiko ez bagenu bezala jokatzen dugu, ezaxola. Edo lotsa gabe, Ernesto Gasco etxegabeekin nola.
Gure estanpak asko du Guy Debord zirikatzailearen
La société du spectacle (1967) lanari lotu iruditik: jendez gainezka dagoen aretoa, bata bestearen alboan pertsonak, estu antzean, eta hala ere elkarrekiko distantzia alimalekoan. Aurrera begiratzen dute denek, pantailak behar duen lekura, antiparra opakuak dituztela. Bizikidetza esaten diogu orain.
Hitza bera ez da errealitatea, baina hitzek sortu asmo dute errealitatea. Hitza duenak boterea du, eta alderantziz, boterea duenarena da hitza. Botereak bere errealitatea definitzeko erabiltzen du hitza. Hitzak ideologia baten adierazle direlako erabiltzen dira bestea engainatzeko. Horretan sinestu ez eta hitza erabiltzea engainatzeko. Hitza zuritzea. Hori da, hain zuzen, sozietate kapitalistak erabiltzen duen engainu modua. Mezua da kulturak irabazi egin diola gatazkari, kulturak balio duela hiriak baketzeko, konfliktoak desagerrarazteko. Desagertzea eta konpontzea, ordea, ez dira gauza bera. Desagertu daiteke ez aipatuz, ahantziz, edo estaliz. Besterik da konpontzea.
Uxue Alberdik urteak atzera
Argia astekarian Pello Añorga ipuin-kontalariari egin elkarrizketa oroitu dut. Euskarazko “entzun” eta “erantzun” hitzetatik egiten du “elkar entzuteko espazioak” sortzearen beharraz gogoeta Pellok, nola erantzun hitzaren barruan entzun hitza dagoen, eta nola ondo erantzuteko ondo entzuten jakin behar den: “Ez badugu ondo entzuten ezin dugu erantzun, ezin erantzule izan eta erantzukizun eskasa izango dugu. Erantzukizuna ere entzutetik hasten da. Bestela era itsuan erantzuten dugu”. Gascok eta enparauek “contestar” esaten dute, eta hala dabiltza, “contento” eta lotsarik batere gabe, askoren ezaxolak egia bilakatzen dituelako beren gezurrak.