Markel Ormazabal: 'Hau ez da hotel bat'
Pertsona nagusiek ez bezala Printze Txikiak lehen begiratuan ulertu zuen marrazkia, bestelako azalpenen beharrik gabe. Pertsona nagusiek, ostera, ez dute berez inoiz ezer ulertzen.
Motoreak aberia izan eta Saharako basamortuan lur hartu pilotuaren marrazkiaren pasartearekin hasten da Antoine De Saint-Exupéryren Le Petit Prince ipuina. Haurra zela, boa-sugea basa-piztia bat irensten ikusi zuen pilotuak liburu batean, eta irakurri boa-sugeek harrapakinak oso osorik eta mastekatu gabe nola irensten dituzten, eta, tripak lepora ezin mugitu, digestioa amaitu arte nola egiten duten lo hilabete luzez.
Ikasitakoak iradokita egin zuen pilotuak bere lehen marrazkia, eta alai eta pagu erakutsi pertsona nagusiei. Hauek, baina, kapelua ikusten zuten elefantea digestioan zeraman sugea beharrean. Luze gabe apailatu zuen pertsona nagusiek ulertu ahal zezaketen marrazki bat. Bigarren marrazki honek, lehenaren forma bera izanagatik, sugearen barruan elefantea agertzen zuen. Ez suge eta ez elefante, ez halako ez bestelako marrazkirik ere, marrazkigintza bazterrera uzteko aholku eman zioten pertsona nagusiek.
Non dugun arreta, zer ikusten dugun, besteren artean gogoeta hauek iradokitzen ditu ipuinak, eta ideia bera, ipuineko azeriak ahoratzen duen esaldian laburtzen ahal da: “funtsezkoa ikusezina da begientzat”. Saint-Exúperyren aberri-kide René Magrittek ere antzeko kezkatik egin zuen hitzen edukiaren eta hauen adierazleen eta erreferente bisualen arteko lotura aztertzera. Auzitan jarri zituen ohiko loturak, logikaren sen ona zalantzazkotzat jo, eta eduki berria eman zien formei, objektuek ez baitute beren burua ordezkatzen. Piparen irudi ospetsua adibide, eta irudiak azpian daraman Ceci n’est pas une pipe esaldia.
Azaleko begiradez ikuskatzen ditugulako usu ikusten ez ditugun gauza horiez gogoetatzeko gonbitea egiten digu batak zein besteak, bistakoena ez baita beti garrantzia gehien duena. Begiratzen dugun hori soilik ikusten dugu, eta begiratzea ez da borondateko egintza, bizi gaituen sozietateak baldintzatzen baitu gure ikusmena, aurretiaz dakartzagun ezagutzek eta sinesmenek, alegia. Turismoa adibidetzat erraz da ulertzen. Jarduera honen onurak eta bertuteak soilik erakusten eta irakasten direnean, onurak eta bertuteak besterik ez dira ezagutuko, eta sinesmenak ere arrasto berekoak izango dira: “turismoarekin denok irabazten dugu”.
Ikusmena behartu ez ezik ikusi dugun hura ere behartu digute. Sugea beldurgarria beharrean kaltegabeko kapelua ikusten zuten pertsona nagusi nahi gaituzte. Hotelaren irudia erakutsi eta aberastasuna ulertzen dugula, irudiak barruan daraman prekarietatea, kultur-gabetzea edo gentrifikazioa beharrean. Ikus-entzuleak jokoaren zentzua aurkitu zezan egiten zion dei Magrittek ikus-entzulearen fantasiari. Santa Maria elizari begira, Abuztuaren 31 eta Kale Nagusiak bat egiten duten erpinean eraiki asmo duten lau izarreko hotelaren bosgarren solairuan etxea okupatu duten lagunak ditut gogoan. Irudiaren barrua marraztu baino, bizilagunen fantasiari dei egin diote barrua okupatuz eta begientzat ikusezina zena bistaratu. Eta ekintzarekin bizilagunek jokoaren zentzua aurkitu dezatela…