Markel Ormazabal: 'Irri eta ekitaldi, kantauri beltzean'
Markel Ormazabal, Santa Klarara
Zuei, donostiar, joxemaritar edo pirata, festaren antolatze, ospatze eta herrikoitzea helburu galtzak bete (auzo)lan aritu zareten lagun guztiena da merezimendua. Festaren azkena eta Irrikitaldia zerumugan, zuentzat eta zuengana doaz esker-hitz eta gogoetok.
Talaia honetara astean zehar igorri botiletako mezuen txatalez osatu dut azken aldarria. Begiko adabaki, eskuko atxamarta eta zurezko hankarekin batera, besapean daramat Antton Lukuren Libertitzeaz ikerlana. Inauteriak Garazin hartzen duen forma da Libertimendua, eta berau espazio soziopolitikoan da oinarritzen. Erritoak esangurez beteta daude; iraganaren irudikapenera eta orainaren islatzera garamatzaten sinboloz gainezka. Bada, Libertimenduan, hiru motatako pertsonaiek hartzen dute parte, lau zirtzilak kontatu ezkero: militarrak, bolantak, basak, eta aparte, musikariak eta bertsolariak, hauek ez baitira errituala ematen den joko eremuan sartzen.
Bi ereduen arteko lehia da Libertimendua. Aipatzen dira “nagusiki etxe handiak eta etxe ttipiak edo etxe eta suen arteko diferentzia”; belaunaldien, zahar eta gazteen arteko gatazkak; edo ezkondu eta ezkongabeen artekoak, “ezkontzeko eskubidearen gaia boterearen eta botere ezaren ilustrazioa” baita. Libertimendua politikaz mintzo da, beraz. Festa eta politikaren arteko lotura betikoa bezain aldakorra da gurean, eta lotura hau norabide guztietara baliatua izan da. Lukuk dantzari buruz dioena balekoa zaigu festaren ezaugarritzeko. Festa plazaren hartzea da, molde sinboliko edo transposatuan espazio publikoaren kudeaketa du gai.
Bourdieu aitatuz esan genuen: tradizioaren defentsa mugiezina gizarte botere handiko sektorek dute egiten; proposamen berritzaileenak, ostera, boteretik baztertuen dauden sektoreetatik datoz. Eta azken hauek, boterea ez dutenek alegia, izango dute plazan kritika politikoa egiteko interes gehien. Boterea duenak nahiago izango baitu kritika edo salatze gabeko kabalkada, ospakizuna, festa. Botere gosea eta handiustea ditu kritikatzen inauteriak. Eta zilegi begit konparazione bihurria: baita gure Libertimendu propio zaigun Irrikitaldiak ere.
Festa posible egin duzuen abenturazale eta lagunak, merezimendu osoz eta festa eginez emango diozue festari amaiera. Bi aldiz festa! Dibertsioa eta ospakizun herrikoia oztopatu beste helbururik ez duten horiei, interes pribatua ongizate nahiz dibertsio kolektiboaren aurrez jartzen duten horiei, kritika onartu ez eta elkartasuna arbuiatzen duten horiei, horiei guztiei eta horien errituei itzulipurdi egitea da Irrikitaldia. Egoerak atzekoz aurrera, edo hobe, behetik gora jartzea. Irria eta umorearen bidez egoera berriak irudikatzea, saiatzea, eragitea. Popular edo herrikoia umorean eta umoretik sortzen denean, bi bider baita herrikoi! Haize on eta festa amaiera hobea!