Markel Ormazabal: 'Puztu eta puztu ari gara orain ere'
Puxika bat gauza ederra da, ikusgarria, eta erakarle handia. Haurra izan denak badaki, eta nekez ahaztuko du puxikak inoiz sorrarazi zion zirrara. Inork ahaztu balu, berriz, nahikoa izango zaio haur baten zaintza egokitzea puxikekiko behinola izan zuen tema bote pronto oroitzeko. Puxika bat ikusi eta «nik ere halako bat nahi dut!», desiratu, kasik hil ala biziko apeta bihurtzeraino. Deserosoak egoerak. Eskean denak bai badaki puxika saltzailea jendaurrean dela beti, jendez inguraturik. Eta erantzunaren arabera, a zer nolako negar eta zotinak. Horiek bai horiek kasketak! Lurrak jo eta hautsak ke, puxika lortu arte.
Puxikak, ordea, etengabe lehertzen dira. Saihestezina da kasik. Behatz puntekin atximurka egin, orratz edo punta zorrotzeko zernahirekin sastatu, beroarekin, edo puztu eta puztu, behar baino gehiago putz egiteagatik. Badira hamaika manera. Burbuilak ere lehertu egiten dira, puxiken antzera, hauek ere etengabe. Hara hor finantza-kapitalismoak sortutako burbuila-ekonomiarekin gertatzen dena, eta adibiderako, orain hamar urte direla aditu genuen leherketaren zartada.
Diru errazak eta gehiegizko likideziak puztu zuten finantza-burbuila orduan. Maileguak eman eta eskatzea errazten zuten pizgarri publikoak; itzuli ezingo zutenei emandako maileguak; zor publiko eta pribatua kalifikatzen diharduten agentzien utzikeria bezain besteko makurkeria… Gure gertukoan bizitako «krisi horrek», baina, gehiago zuen aurreko hamarkadetan puztutako etxebizitza- burbuilaren ondorioetatik. Eta puztu eta puztu egin zuen burbuilak.
Azken ziklo ekonomiko luzeko interes tasa apalek izan zuten zerikusirik, baina batez ere, puztu eta puztu, puztu merkatuaren gaineko kontrol politiko ezak puztu zuen burbuila, lehertzeraino puztu ere, erregulazio eta kontrol faltak. Burbuilek ez baitakite, egonean, bere horretan egoten. Nekez hustuko da burbuila bakarrik, puxikari gerta dakion bezala. Eta puztu eta puztu jarraituko du duela hamar urte bezala, erabaki politikoek hauspotuta (ezin hobe esan), orduan bezala, esaterako, adreilu ekonomiaren alde eginez: etxebizitza erosteko zerga-pizgarriak, 1998ko lurzoruaren legea…
Espainiako Bankuaren arabera, 2003tik 2008ko amaierara eraikuntza eta higiezin sektoreari banatutako kreditu kopurua hirukoiztu egin zen, eta etxea erosteko eta zaharberritzeko sendiei emandako kreditua bikoiztu baino gehiago. Hau da, banku eta kutxek maileguan utzitako hamar eurotik sei adreiluaren negoziorako ziren. Inork ez zuen urrezko arrautzen negozio hura baldintzatu nahi, aharik eta 2008an, danba, finantza-burbuila, etxegintza-burbuila eta jabego-burbuila lehertu ziren arte.
Askorik ez genuen ikasi. Izan ere, diru errazak atera baikintuen (ustez) krisialditik, higiezinen espekulazioan eta turismoan oinarritutako akumulazio erregimen berri baten zikloari hasiera emanez. Eta puztu eta puztu jarraitzen dute burbuilek; hara hor alokairu-burbuila. Baina gaur ere, inork ez du urrezko arrautzen negozioa baldintzatu nahi. Eta guk, gertu ote dugu entzumena leherketaren zaratarekin ez izutzeko?