Markel Ormazabal: 'Sous les pavés, prekarietatea'
Orain berrogeita hamar urte, galtzadarrien azpian hondartza idoro uste izan zuten paristarrek. Sous les pavés, la plage. Geroztik jazo direnak jazota, nago ez zatekeen egokiagoa sous les pavés, les touristes esakune eguneratua. Barrikadak altxatzeko erabili galtzadarriak aberasbide egin ziren, eta zer esanik ez harlauzek menturaz ezkutuan zuten area. Hondartza non, turismoaren industria han. Hareatza denik eta zorrietan zorrienak ere, agertu eta berehala mukuru egingo du; “guztion probetxurako” egin ere, ustez.
Jakina, begi bistakoa da, turismoa errentagarri zaio herritar arruntari. Ez da ba izango! turismoak aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituela behin eta berriro eta aspertzeraino diotela, diotenez, turismoak urrea dakarrela. Errezitatu eta errepikatu, mantra baten antzera. Hiriko mandazainek harro agertzen dute okasioa duten aldiro: turismoak hiriaren BPG-aren % 13,4 biltzen du. Ulergarriago egitera, 2015ean, esaterako, turismoari lotutako jarduerak 1.000 milioi euroko ekarpena eta 15.000 enplegu sortu ei zuen Donostian.
Urtea hasi berri, eta harrotasun berean hordi, Mariano Rajoyk poz betean iragarri zuen espainiar estatua jada nazioarteko turismoaren bigarren helmugarik gogokoena dela. 2017an 82 milioi bisitari izan ziren estatuan, bi urte atzera baino % 6 gehiago. Turismoaren patronalak emandako datuen arabera, bestalde, turismoari lotutako (zerbitzu) enpresek % 6,9 egin zuten gora, eta hotelen eraikuntzan eginiko inbertsioek, berriz, % 79; horietatik % 60 nazioarteko inbertitzaileak zirela. Eta harrotasun bozkariozkoan aho batez ebatzi zuten: turismoa krisi ekonomikotik ateratzeko motorra bilakatu da. Bestela esanda, turismoak adreilua salbatu du. Bada, eskerrak galtzadarrien azpian zegoen hondartzari, ezta hala?
Erreskateak maula eta iruzurrak erreskate, esakuneak badu egiatik zerbait ordea. 2014ko zifrak orri gainean, Donostiako 18.767 enpresetatik 16.336 zerbitzuen sektorean ari ziren, eta horietatik 6.366 turismoari lotutako jardueretan, hots, merkataritzan, garraioan edo ostalaritzan. Eraikuntzan, berriz, 1.746 ziren enpresak. Ikusteko dago han eta hemen eta berdin hor, nahinon baimendutako hotelen eraikuntzak nola eragingo dituen datuok; haatik, halakoa dugu lan merkatuan nagusi den joera. Espainiar estatuan eta 2017ko azken lau hileko datuei dagokionez, 2.660.915 lagun ari ziren turismoaren sektorean lanean, eta horietatik erdia baino gehiago ostalaritzan, 1.749.255 lagun hain zuzen ere.
Donostiako datuak eguneratuak ote dauden ez dut jakin; haatik, hauek ez dute ondorengoek agertzen duten errealitateaz oso bestelakoa azalduko. Sindikatuek jakinarazi zutenez, iazko iraila bitarte estatuan sinatu lan kontratuen % 97 prekarioak ziren. Iraupenari dagokionez, esaterako, ia 4 milioi kontratuetatik % 45,2 astebete baino gutxiagokoak izan ziren, eta bi aste baino gehiagoko lanak, berriz, kontratuen % 48 osatzen zuten. Gehien gehienak, halaber, ez ziren 1.000 euroko soldata izatera iristen, eta ezin ahaztu 2014az geroztik ez direla langileen soldatak igo. Datuek guren halako edo antzerako errealitatea azalduko dutenez, Gipuzkoako hoteletako langileei galde. Ordukako kontratuak, lan egun amaigabeak, edo, besteak beste, zerbitzuen esternalizazioak hala behartuta, maiatzaren 23tik 25era grebara deitu dute sektoreko sindikatu guziek; noizko, eta Turismoaren Munduko Erakundeko mandazainak gurean direnean. Bada, langileek galtzadarrien azpiko hondartzan prekarietatea idoro duten artean, kexa bitez Handi-Mandiak.