Markel Ormazabal: 'Eskatu turismo bulegoan bandera pirata'
Ez dira denak beltzak izan, inoiz gorriak ere ezagutu dira, Christopher Moody kapitainaren oihala bezala. Guztiek ez zituzten kaskezur eta berna-hezurrak, Calico Jack Rackham kapitainak, esaterako, ezpatak zituen erabiltzen, baina Edward England eta Richard Worley kapitainen ikurrak dira ezagunen. Eta Morgan, L´Olonnais edo Mixel Etxegorria –Michel le Basque– kapitainek, Maracaibo, Puerto Bello edo Cartagena su eta ke hartzen zituzten garaian, oihal beltza ikuste hutsak izu laborria eragingo zuen.
Sentipen horren eragile zelako baliatuko zuen berdin Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi apaizak bandera pirata, 1872 eta 1876 arteko karlistaldian: “Ikur beltz bildurgarri bat baziñun/ Buru ezur batekin bixten (…)”, entzun ahal da Zore ikur beltzari bertsoen lehen ahapaldian. Ez alferrik, 1874ko martxoaz geroztik preso zuten Baionako kartzelatik askatu zutela, Lille eta Londres hirien ostean, Jamaikan hartu zuen bizileku; mende exkax atzera Karibeko piraten babesleku izandako uhartean, alegia.
Gure identitateak garatzeko eskura ditugun errekurtso edo baliabide kulturalak baliatzen ditugu, hala nola, ikurrak edo banderak, baina kultura prozesu dinamikoa denez, errekurtso hauek ere garaian garai aldatuko dira; edo gutxienera, esanahia mudatuko dute. Horixe gertatzen da Jolly Roger edo bandera piratarekin ere. Bazterrekotzat hartu diren mugimendu zenbaiten ikur izan da denbora luzean, okupazioa edo mugimendu autonomoaren sinbolo, esaterako. Baita bazterreko kontsidera daitezkeen futbol talde hainbaten ikur ere, St. Pauli (Hamburgoko Klaus Störtebeker pirataren gorazarre) edo Urroztarra (Tijuana in Blue mitikoen ereserkia lekuko), besteak beste. Irudiaren eta espektakuluaren sozietatean, ostera, eta Disney multinazionalaren eskutik, kontsumo masiborako produktu soil bilakatu ez zaigun.
Atseginez ikusten nuen oihal beltza Aitona Julian II ontzian haizeak orrazten. Abordatzea egunaren bezperetan Portu kalea eta ingurumarietako saltokietan piraten ikurrak saltzeak halako irriño bat eragiten zidan. Baina aste honetan bertan ikusitakoak barre denak okertu dizkit. Turista taldeak txandako gidarien atzetik ibili ohi dira hirian, paseoan, gidariak altuan daraman ikurra jarraitzen. Txartela izaten da batzuetan, guardasola bestetan edo koloretako banderatxoak. Bada, duela egun parea, halako turista saldoa gurutzatu nuen Maria Kristina zubian, eta gidariak, zer eta bandera pirata zeraman taldearen ez galtzeko erreferentziatzat.
Santa Kruzek galdutako gerra apaldurik zela hartu zuen Jose Aranak Donostiako bidea, negozio berrien arrastoan, eta 1876 hartan bertan ospatu urte betez goiti setiaturik egon hirian lehen aldiz Semana Grande delakoa. Orain ez asko ahopeka eta halako lotsaz esan ohi zena, aski zabaldu kontakizuna da egun, ofiziala. Donostia Kultura Enpresa Erakunde Publikoaren web atarian, jaia, “(…) garai hartan uda Donostian igarotzen zuen goi-mailako turismoa entretenitzeko premiagatik” sortu zela irakurtzen ahal dugu, baita ondorengoa ere: “Horrela, Donostiak beste turismo mota bat aurkitu zuen: egonaldi labur eta jendetsuen turismoa.”
Eta Abordatzeak hamabost urte beteko dituen honetan, otutzen zait, Pirritx eta Porrotxen handi-mandiez gain, orain gutxi arte oihal beltzaren izu zen aurkari berri baten aurrean direla Donostiako Piratak. Kulturak etengabe ber-sinbolizatzen ari diren prozesuak dira, eta kultura orok sinkretismoa eta hibridazioa izango ditu ezaugarri, kultura oro beste kulturekiko ukimen etengabearen emaitza baita. Zenbateraino ireki mugimendua, zenbateraino atxiki kanpoko diren modak edo joerak, eta zenbateraino itxi edo gotortu, konbinazioan dago iraunkortasunaren sekretua, baina baita asimilazioaren sekretua ere. Turismoaren industriak “disidentzia kulturalak” xurgatu eta beretu, integratu, eta produktu salgarri bilakatzeko ahalera izugarria baitu.