Markel Ormazabal: 'Ulrich berri on!'
Abenduaren azkena amaitzear den urtearen berrikusteak egin eta abiaraziko dugun berriarekiko asmoak zehazteko erabili ohi dugu. Urteko albisteei, nahiz norberaren eta ingurukoen urteko bizi-pasarteei gainbegiratua ematen diegu. Urte berrirako asmoekin, berriz, horditu egiten gara. Eta hala geundela, notizia. Urtarrilaren lehenarekin, urteko lehen egunarekin alegia, Ulrich Beck soziologo alemaniarraren heriotzaren berri jaso genuen.
Berea da Arriskuaren gizartea lana. Bauman eta Sennetten lanekin batera bizi gaituen aro aldaketaren gakoak ulertzeko itzal handiko ekarpena. Klase egituran oinarritutako eta kolektibo sozial homogeneoei eragiten zieten ezberdintasun eta segurtasun ezaren mugak azpimarratzen zituzten tradiziozko koordenadak sakonki aldatzen ari dira. Aldaketa hauek, bereziki, indibidualizazio prozesu indartsu eta haustura sozial nahiz familiarren ondorio dira; teknologiaren alorrean emandako iraultza eta globalizazioa deitu diogunaren eraginarekin batera. Arriskua “demokratizatu” egin zen, ordurarte bizi-baldintza egonkorrak zituzten pertsona eta taldeetan eragina izan zezakeelarik.
1986. urtean idatzi zuen lana eta arreta jartzekoa da aurre ikuspenen abilezian. Arriskua demokratizaturik dugu. Eta nago, hauxe dela demokratizaturik aurkituko dugun egitate sozial bakarra. Nazioarteari erreparatuz, ezberdintasun sozialaren maila 1929ko Depresio Handitik handiena da. Eta arrazoia sinplea da: herentzian jasotako edo bestelako bideen bidez pilatutako dirutzak askoz azkarrago hazten dira diru sarrera ia bakarra soldata dutenen aberastasuna baino. Credit Suisse banku suitzarraren arabera, gaur egun munduko herritar guztien aberastasuna 210 bilioi eurotaraino heldu da; hau da, bikoiztu baino gehiago egin da 2000. urtetik. Eta gauzak horrela, biztanleen %1ek herritarren batez besteko aberastasuna baino ehun aldiz gehiago du estatu askotan, eta mila aldiz gehiago ezberdintasun handieneko herrialdeetan.
Krisitik irtengo garela, horixe agintarien urte amaiera eta hasierako leloa. Historiak, baina, erakutsi du aberatsenen ondarea ziztu bizian handitzen denean aktiboen burbuilak sortzeko arriskua dagoela. Eta, lehenago edo geroago, burbuila pitzatu eta beste atzeraldi bat etortzeko arriskua dagoela.
Guillen Martinez kazetari kataluniarrak “hondoratzearen urtea” deitu dio 2014ari. Estatu Sozialaren ispilatzearen amaiera. “Egun batez, belaunaldi oso bat etorkizun eta zerumuga gabe esnatu zen”. Gabon egunetako apaindura, girlanda, argi eta hitz ederren artean arriskuak bere horretan dirau. Bihar, gaur bezala, arriskua altzoan daramagu. Eta arriskuari ezin ustezko norberaren gaitasunetatik aurre egin; ez bada urkoa zapalduz, urkoaren kaltetan. Ez da berandu urte berrirako asmoen berrikustea egiteko. Eta berrikusteak kolektiboa beharko du izan.