
Metro koadroa, zer metro bestela! Kapitalismo globala espazioaren ekoizpen eta suntsiketa prozesuaren bidez ahalegindu da berezko zaizkion kontraesanak gainditzen. Bestela esanda, espazioa eta bere ekoizpena munduko ekonomiaren azken hedapen zikloan jarduera gakoa izan dira. Kapitalaren akumulaziorako iturri nagusia da espazioa, eta ondorioz, baita klase txiroenen alienazio eta esplotazio iturri nagusi ere. Espazioa da, baina XXI. mendeko gure pentsamendu urbanizatuak hiria esaten dio, are metropolia. Eta hirian metro-koadro-ka borrokatzen dira batailak.
Edozein harlauzaren azpian aurkitzen dugu gudaren lehen lerroa, eta borrokaren asimetriak agerikoak dira gero. Alde batean aurkitzen da gehiengoa, herritarrak, zuzeneko kaltetuak berdin kalteez ezaxola direnak (oraingoz). Aztarnategiko indusketa lanetan arkeologoaren antzera dabiltzan auzokoak, lurra metro koadro-ka banatu eta metro koadro bakoitza beste hamaika ataletan, gutxika, zentimetro-ka altxatzen dutela lurra, zerbait aurkitu eta hondatuko duten beldurrez-edo. Lurra zulatzeko beharrik ez dute, baina ezta horretarako baliabiderik ere. Eskuila edo txarrantxa, askoz jota aitzurra.
Beste aldean daude lurraren jabetza dutelakoan diharduten horiek, eta egin bezala nahieran desegin, hala aritzeko beharrezko dituzten konplizeak, mandatari, lukurreru eta eskuluze zenbait. Eta baliabideak, hondeamakinak eta bestelako makina zulatzaileak, legeak, arauak eta erraztasunak. Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak apirilaren 4ko EHAAn argitaratu ebazpena (2017/03/23), esaterako, zeinak Donostiako Metroaren Igarobidearen lanen karietara desjabetze prozedura abiatzen duen Lugaritz-Mirakontxa zatian. Ekipamendu komunitarioko jolas-eremuak, parkeak… domeinu publikoko diren eremuak okupatu ez eze, ezgaitu ere egingo ditu desjabetze prozedurak. Zenbatzeko daude kalteen metro koadroak.
Ongi zenbatuak, berriz, beste zenbait kalterenak. Belartzako 210.000 metro koadro nekazaritza lur 2009ko udalaren sinadura batek industrialdea handitzera bideratuak. Handik gertu, gertuegi, Eskuzaitzeta mazelan eraikiko duten kartzelak 55.392 metro koadroko azalera izango du. Hiria Antolatzeko Plan Orokorreko izapide berriek hala ahalbidetuta, Garbera eremu komertziala 25.000 metro koadro handitzeko aukera dago, eta baita aparkalekuek beste 80.000 metro koadro gehiago izateko ere. Eta abar luze beldurgarri bat. Bien bitartean, eta areago beldurgarriagoa dena, Donostiako bigarren eskuko etxebizitzen merkatuan metro koadroak bataz beste 4.233 euro zuen graziya martxoan. “…bide huts, etxe huts, bukatuko ote dugu?”, kantatzen zuen Bap!! taldeak, bizkor. Hirian metro-koadro-ka jazotzen dira batailak, metro-koadro-ka ditugun ezkero metro koadroak galtzen. Andoaindarren musikaren abiadura berean, metro koadro bat eta gero beste bat, bizkor, espazioak denbora bera ere irensten baitu.