Markel Ormazabal: 'Masa kritikoa'
Hilero elkartzen dira Bulebarrean eta azaroan urtebete egingo du ekimenak hirian. Ideia, ordea, San Frantziskon (AEB) sortu zen 1992an. Egun, hileko azken ostiralean, munduko 300dik gora hiritan ospatzen den bizikletari loturiko gertakaria da Critical Mass.
Lidergorik gabeko egitura horizontalak ezinezko egiten du helburu zehatz bat ezartzea, baina honek ez du esan nahi protesta ekimena ez denik. Xerocracy, Die-in (errepidean etzanaldiak) edo Corking (errepideen blokeatzeak) kontzeptuak, adibidez, mugimendu honi estuki loturik daude. Beraz, eta gurean bestelakoa dirudien arren, ez da txirrinda gogoko dutenen ekimen hedonista hutsa.
Gizartearen askatasunak hiper mugikortasunera eraman gaitu, eta, jasangarria denaz gaindiko abiaduran bizi gara: baliabideen gehiegizko kontsumoa eta hondakinen gehiegizko produkzioa. Ez da planeta eta bertako biztanleak garbitzea helburu duen pentsamendu maquiavelikoak bizi gaituela; joko arauak dira: edo irabaziak maximizatzen dituzu edo kanpo geratzen zara. Hauteskundeetan, asko daukanari gehiago kentzea ez dela justua, irtenbidea ez dela esango digute. Baina aberastasunaren partekatze ezaren eta krisi ekologikoaren arteko lotura argia da. Hobe genuke etxeko atarian Kapitalismoa da, kaikua! leloa pintatzea, egunero gogoratuko genuke honela.
Azken hamarkadetan aukeratu den mugikortasun ereduak gurpil zoro bat eragin du eta errepide erraldoi bat bihurturik dakusagu ingurua. Baina petrolio merkea amaitu da eta eredu ekonomiko -energetikoa krisian dago. Kolapsora heldu gara eta aurreikusi daiteke talka. Aitzitik, neurrigabeko hazkundearen filosofiari jarraiki, garaturiko eredua ez da iraganekoa. Errepide sarea etengabe hazten doa, eta, garraio publikoaren sustapenaren aitzakiapean martxan dituzte AHT edo Donostialdeko Metroaren lanak, besteak beste. Bi-biak diru galerak sortzen dituzten azpiegiturak. Gu guztion diruaz ari naiz, noski, diru publikoaz. Behar dugu metroa? Inork egin al du galde? Autobus geltokia ere Atotxan sartu digute, AHT-aren mesedetarako soilik. Eta orain komeriak.
Donostia gero eta otzanagoa, gero eta protesta gutxiago egiten duen hiria zaigu. Pentsamendu kritikoa, autonomoa, norberak landu behar du, eta nekatu egiten gaitu horrek. Hiri nekatua dirudigu. Masa kritikoa badugu eta masa kritikoa falta. Walter Benjaminek esan zuen: ´Iraultza ez da ihes egiten duen trena, iraultza da larrialdietarako balazta sakatzea». Aurki, bizikletan ibiltzea kasik jarduera iraultzailea izango da. Baina ez nahikoa.