Merkatariok laguntza behar dugu
Jada hogei urte daramatzat merkataritzan lanean. Azken bost urteak San Martin kalean dudan dendan egin ditut. Urte zailak izan dira. Pandemia bat, metroa egiteko lanak, Erdialdeko zirkulazioan aldaketak egiteko lanak… Eta, orain, onartu berri dute San Bartolomeko hirigintza plan berezia, gure auzoaren mugan. 8.000 metro koadroko azalera izango duen merkataritza zentro bat egitea aurreikusi dute.
Nik ez dut mota honetako merkataritza zentroetan sinisten. Oraindik ez dute zehaztu nolako dendak irekiko dituzten. Tokiko eta gertuko merkatarientzako bada, oso ondo iruditzen zait, baina oraindik ez dakigu ezer. Nik Bretxako merkataritza zentroan denda izan nuen, eta kate handien saltokiak sartu zirenean hasi ziren arazoak. Hasiera batean tokiko diseinatzaileentzako proiektu baten moduan iragarri zuten, baina kudeaketa oso txarra izan zen, hutsik geratu ziren saltokiak, eta Donostiako Udalak zorra barkatu behar izan zien arduradunei, herritarron diruarekin.
San Bartolomeko proiektuari dagokionez, udalak jada ezingo du atzera egin, eta proiektu honekin aurrera egin beharko du, bestela kalte ordainak ordaindu beharko baititu kontratuak ez betetzeagatik. Eskatuko nieke egiten dutena burua erabilita egin dezatela, eta oraindik hirian geratzen diren merkatariak kontuan hartu ditzatela. Izan ere, beste hiri batzuetan ikusi izan ditut oso proiektu interesgarriak, eta azalera handiko lekuak bihurtu dituzte tokiko artisau eta sortzaileen lanen erakusleiho.
Guk nortasuna ematen diogu hiriari. Donostiak kalitate handiko merkataritza izan du beti, eta moda diseinatzaile oso onak ditugu. Balentziagaren fruitua gara! Iruditzen zaigu ez dela aintzat hartzen modak gurean duen garrantzia. Badago esklusiboki Donostiara etortzen den jendea hemengo diseinatzaileekin lan egiteko, eta bakarrik hemengo zenbait dendetan erostera etortzen dena.
Merkatari txikiok zera nabaritzen dugu: erakunde publikoek enpresa handiak babesten dituztela. Merkataritza zentroak jendea erakartzea lortzen badu, indarra emango dio San Martin auzoari. Hori hala da. Mugimendua sortzen badu, horrek jende berria ekarri dezake gure ingurura eta gure dendetara. Eta hori ere behar dugu. Izan ere, zona honetan aldaketa handiak izan dira azkenaldian, eta kalte handia eragin digute. Metroa egiteko lanekin daramagu bost urte. Ugalde dendakoek euren muturren aurrean aguantatu behar izan dituzte lanak. Agonia luze bat izaten ari da; egoera oso gogorra bizitzen ari gara. Nire aurrean dagoen denda batek jada zintzilikatu du Itxita, jarduna uzteagatik kartela. Azken bi urteetan nire inguruko denda pila batek itxi egin behar izan dute.
Hiri turistikoa da Donostia, eta ondo saldu nahi badugu, goazen guk egiten dugun hori saltzera. Gastronomia saltzen badugu, moda ere saldu dezakegu. Ostalaritzak jada babes hori lortu du, baina merkataritzak ere behar du bultzada.
Aldaketek beti aukera berriak ekar ditzaketela uste dut. Uste dut zorte handia dugula, oraindik zutik geratzen direlako komertzio asko, oso interesgarriak. Udalak eta aldundiak diruz lagundu behar du haien lana. Guk ez ditugu enpresa handiek dituzten ingeniari fiskalak, ezta paradisu fiskalak ere; guk gure zergak ordaintzen ditugu hemen. Ez dugu haiek duten indarra, ezta prezioak negoziatzeko gaitasunik ere. Kalitatezko hiri bat nahi baldin badugu, ezin ditugu babestu langileak esplotatzen dituzten enpresa handiak.
Gizartea aldatzen ari da, kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, bai, ados. Eta guk zein hiri eredu nahi dugu? Ez ditugu soilik hitz politak entzun nahi, benetako babesa eskatzen diegu erakundeei. Sektore askok behar dute laguntza, eta agian ez da denontzako iristen, baina egon behar du moduren bat gure lana erraztu ahal izateko.