Mintzodromoa
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Bageraren gidaritzapean, San Telmo Museo berrituko gela nahi baino zaratatsuagoetan egin dute, orain artean, bitan Mintzodromo deituriko ekitaldia. Lau lagun mahai borobilen inguruan eserita. Hiru, euskara ikasle. Laugarrena, horiei euskara ahotan jartzen saiatzeko “fitxajea”. Hiru gai proposatu eta bakoitzeko ordu laurdenez solasa, mintzoa, kalaka, hitza sustatzea helburu. Euskara hitzez hitz, ahoz aho. Bitan hartu dut parte, “fitxaje” eran, apurra eskaini nahian. San Telmo berritua barrutik ezagutzeko aukera emateaz gain, sarrera gonbite txartela ere eman digu antolakuntzak. Eta bigarren saioan, zuku edo kafea musutruk dastatzeko aukera. Estimatua. Baina txundigarritik ere badu, asko, esperientziak. Bat batean, une horretara arte sekula ikusi gabe eta erabat ezezaguna denarekin: “Zer nahi zenuke aldatu zure bizitzan?”, “Zure ustez zein da bizitzaren zentzua?”, “Erraz barkatzen al duzu?”, “Ba al duzu areriorik? Zergatik?”, “Zure herrialdea gustuko al duzu?”, “Noizbait izan al duzu zure herrialdetik joateko gogorik? Zergatik?”, “Zer da euskara zuretzat?” eta halako idatzizko galderei erantzunez elkarrizketan sartuta ikusten duzu zure burua. “Bizitzaren zentzua?…Dedio, hau sakonaren sakona, goizeko hamarrak izateko!” pentsatu dut. Elkarrizketen mamia baino garrantzitsuagoa euskara ahotan dantzan jartzea bada ere, euskalakaritza alegia, hori da Mintzodromoaren funtsa, ez da makala izan bi ordu solte horietan entzundakoek nigan eragin dutena. Estreinekoan, hiru neska edo andrazkoekin suertatu nintzen eta adinduenak, Victoriak, euskara identitatearekin lotzen zuela esan zuen bezala, mahaiko beste askoz gazteagoak ziren bik, euskara lanerako beharra zela ez zuten ba, lasai asko esan. Bigarren saioan, euskara fin eta zaildu xamarra zuenak, “Noizbait izan al duzu zure herrialdetik joateko gogorik?” galderari hara zer erantzun zion: “Garai batean bai, ETAren atentatuak zirela-eta, bereziki Ernest Lluch erail zutenean, senarrekin planteatu nuen, baina azkenean ez genuen egin asko maite dutelako herri hau eta gustura bizi ginelako”. Mintzodrama bihurtu zitzaidan bat batean Mintzodromoa. Bi, hiru aldiz pentsatuta ordea, jazotakoaren egiarekin geratzen naiz. Orain arte mintzatu gabe nengoen arrazoi horregatik ospa egiteko pentsamendua izan duen inorekin. Lastima ordu laurdeneko tartea baino ez den eskaintzen. Edo eta eskerrak. Ager baitzitezkeen etsaiak. Edo maitaleak.