Miren Azkarate: 'Euskaraldia guztion esku dago, guztiok behar gaitu'
Asko aurreratu du euskarak azken hogeita hamabost edo berrogei urte hauetan. Inork gutxik jarriko du hori zalantzan. Hiztun berriak irabazi ditu, berrehun milatik gora (gehienak eskolari esker, baina baita helduek eginiko ahalegin itzelari esker ere); oraintsu arte ezezagunak zituen arloak irabazi ditu, dela unibertsitatea, dela administrazioa, direla mota guztietako hedabideak… Lan munduan ere ari da poliki-poliki aurrera egiten. Eta, hala ere, aspaldiko kezka dugu erabilerarena; ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala. Azken Inkesta Soziolinguistikoko datuen arabera, badirudi erabileran ere mantso-mantso aurrera goazela; hala ere, Kale Erabileraren azken neurketako datuek kezka bizia sortu dute. Nola lortu eskolan ikasten den hori gero mingain-ezpainetara eramatea. Arrue Ikerketako txostenak eta harrezkeroko gazteen jarrera eta praktikak aztertu dituzten ikerlanek argi erakutsi dute nerabe eta gazteentzat eskolako hizkuntza dela euskara; hortik kanpo, gaztelaniaren (edo ingelesaren) eremua da. Mendeetan zehar etxeko eta lagunarteko mintzoa izan da euskara, eta gaztelania, ostera, eremu hurbil horretatik ateratakoan behar zena. Orain, aldiz, eremu formaletakoa da -ia-ia eskolakoa bakarrik- nerabe askorentzat, gehienentzat. Nola lortu hurbileko eremuko ere izatea? Nola lortu euren hizkuntza-ohiturak aldatzea. Horixe kezka, koxka eta erronka.
Hizkuntza-politikan behetik gorako ekimenak eta goitik beherakoak bereizi izan dira. Gizarte-eragileen eremua da behetik gorakoa; herri-aginte eta erakundeena, oro har, goitik beherakoa. 1980tik honako Plangintza goitik beherakotzat hartuko genuke. Ikastolen sorrera, 70 hamarkadako argitaletxeak, Durangoko Azoka, herrietako euskara-elkarte eta -aldizkariak… hamaika adibide eman ditzakegu behetik gora sortuak. Hauen artean azkenetakoa, Donostiari dagokionez, auzo batzuetan -Egian, Añorgan, Intxaurrondon edo Altzan- zortzi, hamar, hogei, hogeita bat egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa. Euskaraz dakitenak, ahobiziak, eta ulertzen dutenak, belarri-prestak, elkartuz, erakarriz, aktibatuz. Ilusioa izan da esperientzia horiez hitz egitean askotan entzun den hitza. Ilusio horri elkarlana gehitzeko garaia da, herri-aginte, erakunde, instituzio mota askoren eta eragileen arteko elkarlana; behetik gorako eta goitik beherako ekimenak uztartzekoa, parez pare lanean jartzekoa. Horixe da, hain zuzen, euskaraldia, guztiok bat harturik datorren urtean 11 egun euskaraz bizitzeko erronka egia bihurtzea. Gaztelania baino ez dutenei gonbita egitea euskarari bide eman diezaioten. Aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpenak dioen moduan, guztion artean, “gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera”, euskara erabiltzera eramatea, 2018ko hamaika egun horiek luzatuz joan daitezen urtez urte. Bakarka ezin duguna elkarturik lortuko dugu, euskarak 365 egun izan ditzan bere.
Miren Azkarate, Donostiako Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Euskara zinegotzia