Nai aunat noranaikoa
Jarraian irakurriko duzuna zuretzat idatzitako gutun bat da. Sentitzen dudan miresmenetik idatziko dudana. Bizi izan dudan mende laurdenean idatzi dudan lehen miresmen gutuna da, bakarra eta benetakoa. Errora naramana, nere barrenera. Eta nola ez, aitormen batekin hasiko naiz: maite zaitut. Maite ditut munduaren aurrean agertzeko eman dizkidazun betaurrekoak, zure forma eta doinuak.
Urteak dira gure arteko harremana hasi zela. Hasi baino, pixkanaka landuz hazi dela esango nuke. Zuhaitz bat ereiten den moduan, hazia jarriz eta pazientziaz elikatuz. Ezin da jakin zuhaitz hori zenbateraino haziko den, are gutxiago fruitua emango ote duen ere. Bada, bai. Gure kasuan eman du fruitua, eta mamitsua gainera.
Ez ditut maite zurekiko ditugun jarrera asko, babestu eta sustatu beharreko ondare modura ikusteak ez zaitu laguntzen. Gure hiriak zure izena darama lema modura. Baina kaleetan zure presentzia ez da areagotzen ari, eta gero eta leku txikiagoa ematen dizute.
Gure hiriari izena emateaz gain, gure izanaren pieza garrantzitsua ere bazara. Munduan aritzeko balio digun tresna zara, noranahikoa, jatorra, biraoka ibiltzekoa, zikina, itsusia eta alaia. Hemen jaiotakoek zein iritsi berriek ezagutu eta bere sentitzea nahi duguna, inklusiboa, aldakorra eta denona.
Zurekiko sentitzen dudana handia bada ere, ezin gara sentitze hutsean geratu; zugan beste modu batera pentsatzen hasi beharra daukagu. Batzuk horretan ari gara.
Gutuna idazten ari nintzela, errealitatera salto egin dut. 40 urte pasa dira EAEn 1982ko Euskararen Legea onartu zenetik eta 35 bat Nafarroako Euskararen Legetik. Hamarkada hauetan gure balio sistemetan eragina izan duten prozesu ugarik gurutzatu gaituzte: robotizazioa, gauzen Interneta, inteligentzia artifiziala… Are gehiago eragin dute gurea bezalako nazio gutxiagotuetan.
Azken urteotan argi geratu da eskolek bakarrik ezin dutela, euskalduntzeko kamuts gelditzen direla. Eskolaz kanpokoak indarra hartzen du honen aurrean, ezinbesteko bihurtu da transmisioa berma dadin. Haur eta gazteok kontsumo eta sozializatzeko modu berriak ditugu eta eremu berri horietan euskararen presentzia oso urria da. Lan mundua ere aldatzen ari da eta laster lantegi klasikoen irudia historia izango da.
Finean, jendarte eredua aldatzen ari da, XX. mendearen azken hamarkadakoarekin zerikusi gutxi du. Inoiz bizi izan ez ditugun prozesuek gurutzatu dute gure bizi moldea eta etengabeko egokitze faseak irekitzen ari zaizkigu. Hemen galdera: aldaketen aurrean nola kokatzen da euskara? Sustapenaren eta sentsibilizazioaren fasea agortuta badago, aurrera salto bat emateko neurriak hartu behar ditugu.
Zaila izango da, bai, baina noiz izan da erraza?