Neotxabolismoa
Euskal Herrian, txabolismo terminoa Bilboko auzuneekin lotua izan ohi da gehienbat, 1940 eta 1960 artean izan zen txabolismo fenomenoa dela medio. Iñigo Lopez Simonek ederki azaltzen du bere liburuan etorkin uholdeak eragindako Bilboko auzo txiroetako egoera. Donostian dimentsio txikiagoa izan zuen arren, Altza eta ekialdeko beste zonaldeetan ere agertu zen ere txabolen fenomenoa. Industrializazioak bultzatuta, milaka etorkinen etorrerak eragindako masifikazioaren ondorioetako bat izan zen txabolismoarena.
1961.urtean ezarri zuten agintari Frankistek txaboladun eremuak deuseztatzeko eta auzune berriak eraikitzeko agindua, Txabolen Xurgatze Planaren bitartez eta Etxebizitzaren Ministerioaren sorreraren bidez. Haatik, auzune berrietako asko hornidura komunitariorik, espaloirik, argiztapenik edota eskolarik ez zuten zonalde bihurtu ziren.
Sei hamarkadaren ondoren, txabolismoaren fenomenoa ez da desagertu. Muturreko pobrezia agerian dagoen txabolez jositako hiri osoak daude egun (Madrilgo Cañada Real auzunea kasu), eta beste hainbat lekuetan, etxebizitza ereduak forma berriak hartu ditu, etxebizitza batek bete behar dituen ezinbesteko baldintzak ere betetzen ez dituztelarik.
Azken kasu hau da gure muturren parean duguna Donostian. Ez dira txabolez osatutako eremuak, baina bai etxebizitza bat izateko baldintzak betetzen ez dituzten espazioak, hala izendatuta. Egian bertan, erraz ikus daitezke zoruaren maila berdinean dauden eta noizbait lokal komertzialak izan zirenak, egun etxebizitza bihurtuta. Etxebizitza berri hauen sorrera, EAJ, Podemos, EH Bildu eta PSOEk bultzatuta onartu zen pasa den uztaileko udalbatzarrean. Ordenantza berri honek baimena ematen du erdiguneko auzo gehienetan solairuarteak etxebizitza bihurtzeko, eta periferiako auzoetan, solairuarteez gain, baxuak ere eraldatzeko.
Horrela, Donostian 1.600 lokal komertzial bihurtu dira alokairupeko «etxebizitza». Etxebizitzaren arazoaren irtenbide gisa saltzen badute ere, etxebizitza hauek ez dituzte gutxieneko baldintzak betetzen bertan bizi ahal izateko. Askok ez dute inolako aireztatze sistemarik, eta ez dute modu egokian bizitzeko azpiegitura nahikoa. Utzi engainatzeari; etxebizitzaren arazo larria konpontzetik urrun, kea besterik ez da saltzen ari. Biztanleria pobreena miseriara kondenatzeko trikimailua da, eta jabe txikiak errenten bidez laguntzeko batzuen jokaldi aparta.
Gure begien aurrean dugu neotxabolismoa, baldintza negargarrietan dauden komertzio lokal abandonatuak etxebizitza bihurtuta. Kalitatezkoa, doakoa eta denontzat eskuragarria den etxebizitza eredua ez digute politika ofiziotzat dutenek edota etxebizitzaren aldeko mugimendu heterogenoek ekarriko. Azken bi hauen eraginetik at, etxebizitzaren problematikan esku hartzeko potentziala duen antolakuntza eredu eraginkor baten alde lanean jarraitzea da bidea.