Nola ez gara ba grebara aterako?
Bada haur zein helduen zaintza eta aisia metabertsoan gerta daitekeela sinisten duenik. Baita langile soziosanitarioak adimen artifizialarekin ordezkagarriak direla defendatzen duenik ere. Horiengandik ez hain urruti, bada zaintzaren I+G+B sektorean inbertsioa eginda zaintzarekiko konpromisoa betetzat ematen duenik. Bada, inbertsio hori ondoren «ekosistemen» diskurtsoz apaindu eta zaintzaren kongresu asmatu berrietan publizitatuz politika publikoak zuritzen dituenik.
Zer inbertsio klasez ari gara hizketan sektore feminizatuetako hitzarmenen negoziazio mahaiak irekitzen diren aldiro etengabe blokeatuta badaude, patronalek ardura instituzio publikoena dela eta instituzio publikoek patronalarena dela diotenean? Hala, Donostian helduen egoitza guztiak pribatizatuta eta anbulatorioak saturatuta egotean, kolaborazio publiko-pribatuaren onurez hitz egitea iraingarria iruditzen zait.
Aspaldi ikasi genuen gizarte demokratikoetan ohikoak direla lan banaketa sexuala iraunaraziz irabaziak maximizatzeko halako koalizioak; aliantza kriminalak. Haien kontakizunetan gainera, zaintzaileen lan baldintzak fenomeno meteorologikoek prekarizatu dituztela dirudi. Eta gure bizitzei Donostian pairatzen ari garen etxebizitza larrialdia, pentsio publikoen gainbehera eta euskararekiko oldarraldia batzen zaizkienean «zaintza ekosistemen» eltzeak eztanda egiten du.
Nola ez gara ba kalera haserre aterako? Nola ez gara ba elkarrekin matxinatuko? Eta zeren zain gaude ba, etxeko langileei diegun zor patriarkal, kolonial, klasista eta zuria itzultzeko? Zeren zain, egoiliarrentzako amnistia lege bat negoziatzeko? Atzerritarren Legea deuseztatzeko aukera leiho bat irekitzeko? Zeren zain, zaintzarako eskubide unibertsalaren gutxienekoa bizitza duinaren aldeko politikaren ardatz bilakatzeko? Eguneroko politikan txertatzeko, etxean, eskolan, kalean eta lanean?
Feminismotik, eskema zaharrak irauli eta borroka tresnak berrasmatu nahi ditugu, zaintzaile guztien langile izaera aitortzeko, enplegu arautuaren eta sistemaren mugak gainditzeko, emakume* guztion grebarako eskubidea aldarrikatzeko. Gazi-gozotik ikasiz, amorruz eta plazerez beteta, zaintza eskubide kolektiboa izateko bidea urratzera goaz. Zaintza sistema publiko eta komunitariorantz. Azaroaren 30ean Donostiako erdiguneak hartu eta kaleak bete ditzagun.