Nork esan behar zigun guri?
Lau aste etxean jada, lanik gabe eta egiteko pila batekin.
Konturatuta nengoen eskolak itxiko zituztela, eta ezingo ginela kalean ohituak ginen moduan ibili. Hamar minutuan, ordea, aldaketa askoz sakonagoa izango zela ohartu nintzen.
Hiru egun beranduago,maitasuna, lana, aisia, kirola, otordu guztiak, urduritasuna, jolasak, eskolako egin beharrak, haserreak, negoziaketak… guztiak espazio berdinean kudeatu nahian.
Eta denbora? beti falta izan zaigu denbora, eta egoera honetan denbora hori soberan edukiko genuela pentsatuaz, estresak jota, egin genitzazkeen guztiak pentsatu eta antolatzen hasi ginen.
Oraingoan ere, herritarroi agindu eta debekuak inposatu zizkiguten, egun batetik bestera.
Nik ez dut agindurik bete nahi, nik ez dut debekuan bizi nahi. Bizi eredu horrek balio ez didala konturatu nintzen ni aspaldian, eta oraingoan ere sinismen horri eutsiko diot, noski.
Askotan komentatu izan dugu helburuak edukitzea, zehaztea eta hauen bila ekitea zein garrantzitsua den. Helburu horiek lortzeko bakoitzaren automotibazioan eragiteak duen balioa. Helburuak argituta, bakoitzaren barne indarrak identifikatuta ditugunean, hauek ekintza txikiak egitera eramango gaituzte, amesten ditugun helburu horien bidean urratsak egiteko ondoren.
Eta norbanaka hori egiteko aukera dugun bezela, taldean, familian, eskolan, auzoan, kuadrillan, lanean, kolektiboan ere egin dezakegu.
Ze jendarte eredu nahi dugu? Zein balio eta egiteko era? Nola ekingo diogu bideari?
Nik aukeratu, erabaki eta egin nahi dut.
Nire seme-alabei esaten diet azken egunetan: «Zuek, Historian, koronabirusaren garaiko belaunaldia izango zarete, eta horrek, amesten dugun koloretako mundu hori, Historian sartzeko aukera ematen dizue!».
«Izan gaitezen eredu», esaten diot nire buruari.
Irribarreak eta umoreak, beti laguntzen du barne indarra eragiten, eta ametsak bisualizatzeak hauek lortzen!
Ni hasia nago, eta zu?