Normaltasunak?
Uztaileko astelehen bat. Aforoak baimena eman dizu hondartzara joateko; eguna gris esnatu da, baina euririk ezean, hondartzan lasai egotea baino plan hoberik ez da hirian, eta harantz abiatu zara. Kontxako barandara hurbildu, eta zorionekoa zu, aplikazioan ikusi bezala ia inor ez bertan. Lasai hartu duzu arnas, baina erlojuetako ranpa jaisten hasi orduko garrasika sumatu duzu norbait; hortik ezetz, jaisteko arrapala bestea dela, hartu duzun bidea goranzkoa omen; hondartzatik irtetekoa. Aforoa bai, baina arauak kontsultatzea ahaztu duzu gosaritan, eta agian, hondartzako lasaitasuna ez da uste zenuen bezalakoa izango. Eta tamalez, hala izan da. Ordu erdiro ahots bera bozgorailutik: distantziak mantentzeko eta marea gora denetan ekiditeko hondartzan egotea. Marea behean dela ziurtatuta, metro eta erdiko distantzian inor ez dela baieztatu, toaila zabaldu, eta etzan egin zara. Baina tentsioan; ingurutik norbait pasa aldiro bizkarra tentetzeko inpultsua izan duzu, distantziak mantentzen direla ziurtatuz.
Lasaitasun bila joan zaren hori: beharbada ohartu zara udara hau ez dela betikoa izango; beharbada, ez duela lasaitasunez ulertuko, eta honengatik ere, gorrotatuko duzula «normaltasun berri» deitzen dioten hori. Baina ohituko zara. Beharko gara.
Astelehena, hilak 13. Aforoak ez dizu baimenik eman hondartzara joateko; eguna eguzkitsu esnatu da, eta milaka pertsonek egin bezala, pertsiana igo orduko hondartzako plana bezalakorik ez dagoela pentsatu duzu. Amorratu zara; hurrengoan alarma goizeko zazpietan jarriko duzula sinetsi duzu, aurretik, eguraldi iragarpena hamaika aldiz kontsultatuta. Plana zapuztuta, etxean geratu zara hauteskundeetako emaitzak zehatz aztertzen, eta Twitterreko txio interesgarri zein erreibindikatzaileenak bertxiotzen. Konfinamenduan lez, leiho bazterrean eseri zara eguzki izpi bakoitza xurgatzeko prest ordenagailua belaunen gainean duzula. Sorpresa handirik ez pantailaren beste aldetik: aurreikus zenezakeen hauteskunde biharamuneko gazi-gozoa; albiste onak batetik, eta ezin sinistuak bestetik. Nola egin dezakete gora beti, beti goran daudenek? Nola sar litezke parlamentuan, ideologikoki behintzat, iraganean bizi direnak?
Lasaitasuna espero zenuen hori: hauteskunde biharamuna %90ean izaten da marmotaren eguna. Beti, betikoak; eta betikoak ez badira, betikoen itzalak. Eskerrak lasaitasunean sinisten jarraitzeko horiek ere indartu diren, eta «normaltasun berria»-ri zaharraren kutsua kentzeko esperantzarik badagoen.
Lasaitasunik gabeko uda honetan, maskarak, distantziak, esperantza, eta kalanbreak. Uda on guztioi!