Obedientzia ekintza bat
Pasa den larunbatean, kide naizen Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak Afrikatik etorri berri ziren zazpi laguni euskal errepublikako herritartasuna onartu eta Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga pasatzen lagundu zien. Horretarako, 150 pertsona mozorroturen artean «ezkutatu» genituen eta Irundik Baionako Pausa lekuraino eraman genituen.
Ekintza horrekin, herritartasuna emateko eskubidea eta gure herrian libre mugitzekoa praktikara eraman genituen. Eskubide horiek aldarrikatu beharrean, hau da, eskubide horiek lapurtu dizkugutenei,mesedez, errespetatu diezazkigutela erregutu beharrean, baimenik eskatu gabe, eskubide horiek praktikara eraman genituen. Burujabe jokatu genuen, beraz. Urrats horri burujabetza iraultza deritzogu.
Ekintzak izan du zabalkundea, eta egin duguna Frantziako legeak delitutzat duenez, askok desobedientzia ekintza bezala izendatu dute. Gure ustez, baina, horrela kalifikatzeak ekintzak izan dezaken potentzialtasuna mugatu egiten du. Gurea ez da desobedientzia ekintza bat izan, obedientzia ekintza bat izan da.
Desobedientziak indarrean dagoen arau edo lege bati ematen dio zentraltasuna. Horrela, desobeditzen duen subjektua delituaren eta zigorraren logikan kateatuta, segituan neutralizatu eta ito dezake botereak lehenik eta jendartearen uste orokorrak ondoren.
Guk obeditu dugula esatearekin, grabitate zentrua aldatu egin dugu. Larunbateko ekintzan, jendartearen gehiengo oso zabal baten nahiari obeditu genion. Nahi horrek dio Afrikatik bizitza hobe baten bila etorritako pertsonak ezin direla tratatu zaborraren pare . Orokortuta dagoen nahi bati obeditzeak, Estatuei zaildu egiten die mugimenduaren indargabetzea. Obedientzia desobedientzia baino eraginkorragoa da borroka politikoan.
Espainiak eta Frantziak ez digutela deus onartuko badakigu. Pasa den larunbatean egin genuen obedientzia ekintza burujabetza iraultza deitzen diogun horretan lehengoa izan zen. Datorren uztailaren 4an bide horretan sakonduko dugu. Obeditzen jarraituko dugu, alegia. Konbentzituta baikaude herritarron nahia praktikan gaurtik jartzen hastea izango dela euskal errepublikara eramango gaituen bidea. Adi Donostian ere, laster bertakoon nahia obeditzen hasiko baikara.