Odile Arrieta Laka: 'Bizi ala hil'
Bizitza urari zor diogula esanez, makina bat aldiz entzun nituen irakasleak uraren propietateei buruz hitz egiten. Gustuko ditudan propietateen artean dago irakite puntua. Odolaren irakite puntua, ordea, zein den ez nuen eskolan ikasi. Denbora bizi ahala jakin dut odolak ez duela zertan tenperatura altuetan soilik irakin, alegia, injustiziarekin erreakzionatzean ere irakiteko gaitasuna duela.
Mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekuan ikusi dut mundu zital honetan badela injustiziarekin erreakzionatzen duen odolik, baita injustiziari alergia dion odolkirik ere. Odolki horiek zilbor-heste zuriz dira korapilatuak. Odolki horiek egunerokoan zilborrari soilik so diote. Odolki horien barne ahotsek amets gaiztoetara naramate. Hoa hemendik! Ez baduzu paperik, ez daukagu zuretzako lekurik!
Nik amets gaiztotzat ditudanak, aldiz, begiak itxi aurreko bizipenak izaten dira bideari ekiten dioten pertsonentzat, bereziki ekiteko eskubidea lapurtzen diegunentzat. Hil hadi Mediterraneoan nik ikusten ez zaitudan leku batean, ez nadin sentitu zure hiltzaile. Senti dezadan penatxoa, katez aldatzeko bestekoa, patera telebistan agertzen den unetxo horretan.
Penaren penaz, odola odolki bihurtzen zaie batzuei. Zorionez, amorruaren amorruz odolak irakiten die beste askori, denerako prest sentitzen dira; izan ere, Laboak zioen bezala galtzea litzake galtzea dena. Gerrate erdian bi urtez basoan ezkutatuta bizirautea lortu banuen, ez naiz, bada, hilko itsasoan. Ausardia gordinenaren isla: hesiari salto, itsasoari erregu.
Bizitza zor diogun urak, ordea, otoitz beste azken hats ezagutu ditu. Eri eta hotz ziren arren, ez dira heriotzak izan, erailketak baizik. Zaila da argiago esaten, baina gas kamarak modaz pasatu izanak ez du arrazakeriarekin bukatu. 2018an Mediterraneoan milatik gora dira ur azpian gorpu bilakatu diren pertsonak. Badirudi paperik ez dela behar Mediterraneoko hilerri klandestinoan.
Hilerri klandestinoaren ertzean protestan ginela, odolak irakin eta burua ur azpian sartu genuen. Arnasa bukatzear genuenean, utzi genion gorputzari sentituz pentsatzen, pentsatuz sentitzen, gogoa gogora eramaten; unetxo horretantxe gorpuztu nahiean-edo bizitzaren bitsak, bidean eraildakoen ahotsak, heriotza hotsak, baita irudikatuz ere izandako inoren barneko arroak orro harro. Olatuak intzirika ziren.
Baina guk bagenuen nola: burua altxa, arnasa hartu, bi pausu eman, lurra ukitu, gorputza lehortu, arropa jantzi, ura edan, elkar besarkatu eta autobusean sartu. Mugak Zabalduzen karabanan jarraitu genuen Sizilian barna protestan, Inor ez da ilegala oihukatu bitartean, hilerri klandestinotik urrundu eta elkarri umore ona kutsatuz, dantzatzen duen herria ez baita inoiz hilko. Hobe esanda, dantza egin dezakeen…