On da mendia
Umetako oroitzapenen poltsa astintzen dudanetan, oroitzapen askoren artean, nonahiko kanpingeko uneak biltzen aritzen naiz. Umetan, tontorrekin baino, naturarekin izan nuen harreman estuagoa. Asko dira ureztatu nauten errekak, lokaztu nauten belardiak, laztandu nauten lur hartu asmoz zebiltzan hostoak. Azken urteotan, etxekoek erditutako plan horietan gurasoak lagunengatik trukatu ditut, kanpinak mendi itxura hartzen joan direlarik. Noizbehinkako irteerak zirenak, etengabeko joan-etorriak dira egun.
Nire burua ez dut mendizale amorratutzat jotzen, ez naiz tontorrak kontatzen dituen horietakoa eta nire buruan, akaso nire muga eta beldurrak direla medio, ez dut mendiarekin loturiko proiektu handirik. Baina izugarri gustatzen zait mendira joatea, bertan nire buruarekin gustura sentitzen bainaiz. Mendian gehien baloratzen dudana lagunartea da. Beste askorentzako tabernako mahaiaren buelta dena, horixe bera da niretzako mendia; bizitako uneen inguruan sakon solasteko gunea, ingurukoen barrunbeak eta ingurukoek nireak ezagutzeko ordu batzuetako bidaia eta etorkizuna zirriborratzeko arbela.
Egungo egoerak, mendietako askatasun fisikoa mugatzeaz gain, mendiaren alde onak ere mugatu dizkigu, etorkizunaren klarionak kamustu dituelarik. Izurriak eragindako kaosak gune askeetan askeak behar luketen pentsamenduak atxilotu dizkigu. Planak hondarraren gainean eraikitzen gabiltza, eta eraikitzen dena behera erortzeak beldurra ematen du.
Besterik ezean, hondamendiak onera egin artean, ingurukoekin iragana inguratu eta egindakoen gainean barre egiteko momentua da. Gu ezin gara mugitu, baina mendiak ere ez dira mugituko.