'Onik ez'
Xabier Vazquez, Realzalea
Antza, realzalearen patua da inoiz onik ez izatea. Dagoeneko apatiatik gertuago gaude sufritzetik baino, halere, oraindik lasaitasun matematikoa emango ligukeen puntu kopurura iritsi ezinik gabiltza. Eta gainera igande goizeko 12etan. Askorentzat suplizio itzela da ordu horretan futbolera joatea –goiz esnatzea–. Aste honetan Etxanizi zegokion Futbologia, baina larunbatean bere lagun Felixekin afari ederra –eta afalostea hobea– egin zuen eta azkenean hara nork eta neuk idatzi behar aste honetakoa. 12etan partida ikustera joan beharra gutxi ez, eta gainera a zer nolako lehen zatia eman ziguten. Epailea faltarik pitatzen ez zuen horietakoa zen, «jokatzen uzten duenetakoa». Baina jokalariak ez zeuden, utzita ere, jokatzeko prest. Onik ez izateaz gain, kexatzea da gure patua. Horretan laguntza handia da gauza arraroak egiten dituen entrenatzaile bat izatea. Betisen aurkako partidan Montanierren garaia bukatu izanaren «susmoa» hartu genuon ia denok. Oihuengatik eurengatik baino, frantziarrari ez zitzaiola askorik axola zirudielako. Goiko jokalari bakar moduan Griezmann uztearena inork gutxik ulertu zuen, Malagan bat gutxiagorekin hirugarren aldaketa –denbora galtzeko sikiera!– egin ez izana bezala. Nik beste urte batez frantziarrarekin jarraitzeari ez nioke gaizki iritziko, baina ikusiak ikusi epaia emana dagoela dirudi. Baina, onar dezagun, badirudi onik ez ikustea gustatzen zaigula. Twiterren ikusi ditut zale batzuk ateratako edozein hamaikakoarekin gustura ez zeudenak. Griezmann, Prieto eta Velarekin ateraz gero, Agirretxeren faltagatik sekulakoak esaten ziren. Agirretxe zegoenean beste hiruetako bat falta zen. Eta beti Ifran. Kontua ez da entrenatzailea botatzea ona den, kontua da batzuk ez direla ia inoiz gustura egongo dagoenarekin. P.D: Komeni da gogoratzea zeintzuk izan ziren Malagako erasotzaileak: Frente Bokeron taldekoak. Hango lagunarte nagusiena,Malaka hinchas, idazten duen honekin behintzat oso jator portatu zen. Eta ez litzateke bidezkoa merezi ez duenak hemen jasotzea burugabe batzuek han egindakoen ondorioak.