Parte Zaborra?
Uda partean jende asko biltzen da Donostiako Parte Zaharrean. Bertan bizi direnak eta gertutik zein urrutitik etortzen direnak. Jende asko. Jendea pintxoak jatera joaten den taberna asko daude Donostiako Parte Zaharrean. Taberna asko. Taberna horietan zabor asko sortzen da, poltsa hori eta beltzetan kalean pilatzen dena. Zabor asko. Badira auzoari Parte Zaborra deitzen hasi direnak. Bertakoak, konformidade handikoak omen, «ohitzen» hasiak dira kaleen dekorazio bitxi horretara. Turistak, ordea, ez du atsegin zabor meta handien artean ibiltzea, ezta hondakin bilketan aritzen diren kamioien joan etorriak, zarata eta kiratsa ere. Udala, jakina, kezkatzen hasia da, turismoa baita aberastasun iturri nagusia eta lanpostuen sortzaile bakarra Donostiarentzat. Donostiar talde bati, hiritartasun arduratsuak bultzatuta eta udalarekin auzolanean beti, ideia batzuk proposatzea bururatu zaigu bisitarien egonaldia hobetze aldera:
– Zabor meta artistikoen lehiaketa antolatzea (jaiotza lehiaketaren antzera), non hilero poltsa hori eta beltzez osatutako eskultura edo instalazio ederrena sarituko den.
– Bertan parte hartu ahal izango dute zaborra euren atarian utzi eta auzoko edukiontzietara eramatera behartuta ez dauden guztiak: jatetxeak, tabernak, dendak…
– Piezak ikusgai egongo dira 24 orduz, eta gida turistikoek haien gaineko azalpenak emango dituzte, Oteiza edo Txillida aipatuz.
– Souvenir dendetan zabor meta horien erreplika txikiak salgai egongo dira, garai bateko belar meta tradizionalen lekuan.
– Zaborrak kiratsa lagun izaten duenez, Euskal Lurrinari buruzko diskurtso sinesgarri bat ere asmatzea ondo legoke. Eau de Sanse?
– Auzoko kaleak estuak dira eta zabor bilketan aritzen diren kamioiak handiak, eta bisitari taldeen pasaera oztopatzeaz gain (bertakoek ikasi dute kamioi tartean ibiltzen), zarata desatsegina sortzen dute. Hori goxatzeko ere zenbait ideia: Kamioien goikaldean trikitilari parea joango litzateke cashero-z jantzita (asteburuetan txaranga osoa), zabor bilketa performance herrikoi bihurtuz, turisten entretenigarri. Aitortu beharra dugu kristal hotsaren kontrako formularik ez dugula oraingoz aurkitu, baina gaia ikertzen ari gara.
Hiritar talde honek, beste «gertakizun» batzuk ere aztergai ditu (kaleak eta plazak ia desagertzeraino txikitzea, haurrentzako jolastoki falta, adinekoek aukerarik ez izatea paseatzeko edo esertzeko, auzotarren loa eragozten duen ordu txikietako buila…), eta azterketa horien emaitzak aurki plazaratzeko konpromisoa hartua dugu.