Plisti-plasta
Beti izan naiz negar errazekoa. Poz handi batek hunkitzen nauenean, lagun batekin haserretzerakoan, triste nagoenean, zerbaitek asko urduritzen nauenean edo oso nekatuta nagoenean, negar egiten dut. Jendaurrean begiek gainezka egiten didaten aldiro, ingurukoak begira sumatzen ditudanean pentsatzen dut: “negarti alaena!”. Beti uste izan dut (usteak erdia ustel) urteekin ikasiko nuela malko jarioa kontrolatzen. Eusten jakitea gauza ona balitz bezala. Izan ere, une horietan nire buruari gogor egiten diodan arren, negar egitea ekintza askatzaile bezala ulertzen dut. Barruak askatzeko eta osatzeko, ba al da ba ezer hoberik?
Txikitatik jaso ditugun mezuek, ordea, ez digute hori adierazi izan: “Zaude isilik haurra/ ez egin negarrik/ munduak ez du eta/ malkoen beharrik./ Handitzen zeranean/ ikusiko dezu/ isilik egoteak/ zenbat balio dun.” Xabier Leteren Seaska kanta ederraren esanahiak beranduegi izutu ninduen. Eta zeinen argi islatzen duen inkontzientean daramagun karga: moldeko irribarreak erakutsi eta malkoak barrura isuri behar hori. Isil- isilik kantuak ere galdetzen zigun: “zergatik negar egin?” edo Kaxianok berak ere esaten: “ez egin negar etorriko naiz/ egunen baten pozez kantari.” Eta zein ederra den kantari aritzea malkoei ezin eutsirik! Baina inoiz harrapatu izan dut neure burua ere, inertziaz, haurren bat lasaitu nahian ez negarrik egiteko esaten.
Elkarrekin eztabaidatzen, kantatzen, oihu egiten, barre egiten ikasten dugu, baina kosta egiten zaigu ondokoaren negarra patxadaz hartzea eta onartzea. Edo lagunen aurrean eusten saiatu gabe malkoei joaten uztea. Zerbait intimoa, ezkutuan eta bakardadean egin beharrekoa balitz bezala.
Negu Gorriaken Malkoak kantak “bi aldiz besterik ez zaitut negar egiten ikusi eta ez dut izango indarrik sufritzeko hurrengorik” zioen. Pena da gero. Gehiagotan ariko al gara elkarren aurrean negarrez! Haurrok, lagunok, bizidunok, egin dezagun negar lasai. Plisti-plasta, elkarren putzuetan aske dantzatu arte.