Poliziarekiko haserreak irrazionaletik gutxi baitu
Pasa den larunbatean aspaldian ikusi gabeko kasko-gorri festa izan genuen Donostiako Alde Zaharrean. Ohikoa den moduan, jende andana zebilen Trinitate plazan arratsaldea pasatzen, gazteak gehienak. Azken hilabeteetako laudorio eta harrotasun puntuarekin, eta gazteen aurkako kriminalizazio asedioa ondo barneratuta, polizia-auto bati zentzuzkoa iruditu zitzaion bertan zeuden 40 bat gazte identifikatzea, existitzen ez zen kale-zurruta egitearen aitzakiapean. Gazteek ezezkoa adieraztean lehertu zen plakadun uniformatuen festa: borrak, jipoiak, atxilotuak eta estatu-poliziala ezarrita Alde Zaharrean. Astelehen gauean ere beste hainbeste. Asteazkenean beste atxilotu bat.
Hala ere, ezin dugu poliziaren jarrera hau salbuespen gisa ulertu. Ezin baitira ulertu azken egunotako gertakizunak, azken hilabeteetan hirian eman den kontrol sozialaren zein jazarpen polizialaren gorakada kontuan hartu gabe. Azken asteetako Mandasko Dukearen kaleko parafernalia poliziala, Saguesko jazarpena, Infernuko etxegabetzea edota Alde Zaharrean zein hiriko beste puntutan ikusten ari garen presentzia polizial itogarria dira horren erakusgarri. Jazarpen polizialaren eta kontrol sozial orokortuaren aurrean, antolatzeko, jarduteko, finean langileriaren beharrizanak asebeteko dituen garapen politikoa ahalbidetzeko, askatasun politikoak beharrezkoak ditugu.
Estatu aparatuak jo eta su ibili dira gazteon inguruko iruditeria sozial konkretu bat sortzen osasun-krisiaren aitzakiapean: arduragabeak, berekoiak eta burugogorrak omen gara. Hori ederki probestua izan da ondoren indar-errepresiboen aldetik inongo inpunitaterik gabe: jazarpen, bortxa eta beldurraren baitako diziplinamendua. Mehatxuak, golpeak eta isun astronomikoak. Gazteon aurkako esku-hartze ideologiko eta errepresibo bortitza beste behin.
2020. urtearen hasieran 811 plaza berri atera ziren EAEn ertzain edo udaltzain (bost axola) izateko, eta baldintzetako bat gazte izatea zen. Kasualitatea? Ez dut uste. Krisi kapitalistaren eta interbentzio kultural basati batean heztea egokitu zaigu egungo gazteoi, eta belaunaldi berrien nahia polizia izatea geroz eta ohikoago bihurtzen ari da. Aginte botereak kontrola mantendu dezanaren ardura bizkar gainean eta egun nekez aurkitu daitekeen soldata paregabea eskura. Bide batez, gobernuko aurrekontuetan igo berri dena.
Doakiela elkartasunik beroena azken egunotan jipoituak, mehatxatuak eta atxilotuak izan diren gazteei. Beste aldean kokatzea erabaki duten gazte horiek, berriz, jakin dezatela egungo gazte langileon pobreziaren aurrean irtenbide antagonikoak badaudela: gehiengoaren beharrizanen alde subordinatu eta antolatzea, edota ongizate pertsonal berehalakoa lortu eta gehiengoaren askatasuna murriztean datzan jokabidea aukeratzea. Azken jarrera mota hau da hain justu ere arriskutsua eta kontrolatu beharrekoa. Poliziarekiko haserreak irrazionaletik gutxi baitu.