Positiboaren zain
Amatasunaren inguruan asko idatzi eta hitz egiten da, baina ama izatearen desira zapuztuaz ez horrenbeste.
Haurdun gelditu ahal izateko prozesuak nahi baino luzeago jotzen du zenbaitetan, eta bide horretan zehar sortzen diren emozio eta sentimenduek zeharkatzen gaituzte, batzuetan arnasa ematen digute, eta beste hainbatetan, ito egiten gaituzte.
Prozesua ilusio handiz hasten duzu (edo duzue), eta lehenengo emaitza negatiboarekin batera datoz beldurrak. Hileroko bakoitzak emozio, frustrazio eta beldur ugarik bustitzen du. Haurdun geratu ahal izateko prozesua hasten duzunean inork ez dizu esaten (agian) hileroko bakoitzeko dolu berri bat kudeatu behar izango duzula. Baina batzuetan gertatzen da, emozioen errusiar mendi horretan behera zoaz. Saiakera zapuztu bakoitzean pixka bat beherago erortzen zara, indarra hartu behar da tarte batez, eta horren ondoren datorren aukera berriarekin gora egiten duzu berriz ere. Azken finean ilusioz bilatzen den helburua baita haurdunaldia.
Zaila izan daiteke bien bitarteko oreka hori topatzea. Zaila da ilusioz bizitzea desilusioa barnean duzularik. Dolutik ilusiora pasa, itxaropenaz bete, eta ondoren, zain egotea. Zaila da itxaropena izatearen beldurra sentitzea. Eta itxaropena sentitu nahi izatea. “Beta-itxaronaldia” delako momentua luze egiten da; emaitza jakin arte bi aste luze dira. Zure burua prestatzen duzu bi emaitza posibleetarako, aukera batetik bestera salto eginez etengabe, lasai egon nahi baduzu ere.
Prozesu honetan ikasi dudan (dugun) gauzarik inportanteena bizitzako aspektu batzuk gure esku ez daudela izan da. Gure bizitza estilo geldiezin honetan dena kontrolpean izan nahi dugu, eta haurdun noiz geldituko garen ezin dugu jakin. Uste dut hau benetan ulertzeko apaltasun zaplasteko bat jaso behar izan dudala, eta horrek, era berean, paradoxikoki, lasaitu ederra ekarri dit.
Prozesu osoan zehar gure inguruko sarea ezinbestekoa izan da. Aukeratzen duzun familia hori, alegia. Konpartitu dugu, negar egin dugu, barre… errespetuz beti. Zure ingurukoak hor daudela sentitzeak ez du preziorik. Distantzia errespetatuz baina gertu. Adi entzunez, eta epaitu gabe. Batzuetan ez da ezer esan behar, bihotzetik (eta ez burutik) egiten den entzute gordin hori da egin daitekeen oparirik politena da.
Zoritxarrez, gure sare honetan badugu doluen inguruan esperientzia. Batzuek goizegi utzi gaituzte. Elkarrekin ikasiz goaz, elkarrekin sarea eraikitzen dugu. Emozioen mazedonia honekin aurrera egingo dugu, dolu horiek kudeatzen elkarrekin ikasiz.
Gaur egun haurdun nago. Poz-pozik gaude. Beldurturik gaude baita ere. Ondo joango den itxaropena dugu. Beldurra baita ere. Zergatik ez esan?
Gure esku ez dauden faktoreei bere bidea egiten utzi, eta bitartean apaltasunez gure sarean erortzen uztea besterik ez dugu. Zorionekoak gu.