Putreak beti putre
Xabier Arzelus, idazlea
Donostia ia erabat suntsitu zuteneko bigarren mendeurrena beteko da laster, 2013. urtean. Sarritan entzun eta irakurri dugu garai latz hartan Donostia ausardiaren, irmotasunaren eta bizirauteko borondatearen eredu bilakatu zela hiria lehenbailehen berreraikitzeko plangintzetan. Baina, irakurri berri dugun lan interesgarri batek azaltzen duenez, garai hartako jauntxo eta etxejabe askok ezbehar izugarri hura etekin lotsagarriak lortzeko baliatu zuten. Donostia berreraikitzeko unean horrenbestekoak izan ziren gertatutako gehiegikeriak non udaletxea, bost urte luzez, etxejabeen eta esplotatutako donostiarren arteko borroka eremu bilakatu zen, eta hiriaren berreraikitzea bera atzeratu egin zen. Aipatu dudan lanaren egilea Fermin Muñoz Etxabeguren idazlea da. Codicia de propietarios y otros particulares en la reconstruccion de San Sebastian despues de 1813 izeneko bere lana burutzeko, udal artxibategi zaharretan murgildu da idazlea. Eta murgiltzerakoan berehala ikusi du Donostia berreraikitzeko plangintzetan ez zela dena urre kolorekoa izan. “Donostiar gisa min ematen digun arren –dio Fermin Muñozek– epopeia horretan diru-gosearen alde ilun eta doilorra ere izan da”. Artxibategiko datuek diotenez, 1813. urteko sutearen ondorioz 35 etxe geratu ziren Trinitateko kalean –gaurko Abuztuaren 31– eta beste hamabi etxe txiki harresietan bermatuta. Sutearen ondorioz hiritik ihes egin behar izan zutenak hirira itzuli zirenean, ezbeharrak bakarrik ez datozela ikusi zuten. Etxeetako jabeak neurrigabeko errenta izugarriak exijitzen hasi zirelako aipatu etxeetan zein eremu huts bilakatutako Donostian presaka eraikitako behin-behineko etxoletan bizitzeko. Donostiar gehienen kezkak Udalak 1815eko apirilaren 5ean eginiko batzarrean azaldu zituen Jauregi izeneko gobernatzaileak. Honen hitzetan “Los propietarios… sacrifican a los inquilinos exigiendo unas rentas tan barbaras y enormes que escandalizan a todo observador imparcial“. Gobernatzaileak emandako datuen arabera, zenbait kasutan aipatu errentek hamar aldiz biderkatzen zituzten ezbeharraren aurrekoak, eta, ondorioz, donostiar gehienek ezin izan zuten hirian bizitzera bueltatu. Gehiegikeria horiek benetakoak zirela probatzeko, udaletxeak ikerketa bat agindu zuen, 1811. urtean eskatutako errentak 1813tik aurrera exijitutakoekin parekatzeko. Azterketaren emaitzak hain izan ziren eskandalagarriak non Udalak errentak orekatzeko erabakiak hartu zituen. Alferrik, ordea, etxejabeek uko egin baitzieten, Udalaren erabakiak Gaztelako Kontseiluak ontzat hartu bazituen ere. Beraz, urte luzez etxejabeek boikota egin zioten Ugartemendia arkitektoak hiria berreraikitzeko eginiko plangintzari. Boikota ez zen nolanahikoa izan, 1817. urteko azaroa arte iraun baitzuen, hots, Udalak errentak libreki eta neurririk gabe ezartzeko baimena eman zuen arte. Etxejabe eta jauntxo “putre” haien izen-abizenak ere azaltzen dira Fermin Muñoz Etxabegurenen aipatu lanean, eta nire aldetik, laster ospatuko den bigarren mendeurrenean haien izenak ere plakatxo lotsagarri batean azaltzea proposatzen dut.