Realeko ikurrean borboitarren koroarik ez!
Egun 80 urte ditut, eta oroimena dudanetik realzalea naiz. Nire aitarekin Atotxara joaten nintzen igandero; gogoko nuen oso hango giroa. Heldu izatean gutxiago joan naiz partidak zuzenean ikustera, baina ze zirrara Kortabarriak eta Iribarrek ikurrina atera zutenean, edo Ormaetxearekin irabazitako bi ligak, eta beranduago Toshack-ekin Erregearen Kopa… Nik Reala Donostiarekin eta Gipuzkoarekin hertsiki loturik sentitu dut, gure herriari alegia. Bagenekien Realari «Real» titulua Espainiako erregeak, Alfonso XIII.ak, hain zuzen, emana ziola… tira, inor ez da perfektua. Baina bada hiru aste kezka handi bat dudala nire barnean: lagun batek Realeko ikurrean dagoen koroa Borboi erregeen koroa zela erran zidan, ikurrari buruz idatzirik zegoena irakurri nuen, lagunak arrazoia zuen, eta ez hori bakarrik, Errepublika garaian koroa kendua izan zen ikurretik eta Frankismoan berrezarria. Nola liteke hau? Nolatan ez dugu orain arte deus egin? (agian egin da saiakeraren bat).
Ez naiz hasiko zerrendatzen Borboien koroa Realeko ikurretik kentzeko arrazoiak, hamaika ditut, baina bada bat ukaezina: gipuzkoarrok ez dugu koroa hori gurea sentitzen, beraz ahal bezain laster ikurretik ezabatua izan dadila eskatzen dut. Realeko bazkideak, jarraitzaileak eta peñak deialdi honekin bat egitera deitzen ditut, eta zuzendaritza, berriz, hartu beharreko erabakiak hartzera, egoera lotsagarri honi aterabidea eman ahal izateko.
Milesker mezu hau realzale guztien artean zabaltzen laguntzeagatik.
Gora Reala!
Gora Euskal Herria!