Rosa Zarra gogoan
25 urte gure artetik eraman zintuztela. 25 urte PNVren agindutara aritzen den polizia autonomikoak, haiek Ertzaintza deitzen diotenak, Rosa Zarra Amara Berriko 58 urteko auzotarra erail zuela. 25 urte zigorgabetasunean, ahanzturara kondenatu nahian, onartu gabe, aitortu gabe, ingurukoen mina eta sufrimendua areagotuz.
Duela mende laurden, batzuek udako lehen eguna ospatzen zuten bitartean, milaka ginen Rosak bizitzari eutsiko ote zion galdezka eta justizia eske kalean. Berriz ere erasotuak. Rosa Zarra hil zutenek, bezperan Lasa eta Zabalaren gorpuak Euskal Herriratu genituenean senide, kide eta lagunak jipoitu gintuzten berberek, 25 urteren ostean faxistak defendatzeko jipoitzen gaituztenek eskaintzeko indarkeria besterik ez dutela erakutsi ziguten beste behin ere.
Indarkeria poliziala eta estatu terrorismoa guztion ahotan dabiltza azken aldian, baina ez bata eta ez bestea ez dira berriak gurean. Argi dugu estatu terrorismoaren aldeko hautua egin eta hori zigorgabetasunean mantentzeko estatuko botere faktiko guztien partaidetza eta ingurukoen laguntza ezinbesteko direla. Zigor eta beldurraren bitartez Herri oso bat otzantzea dute helburu. Atlantikoaz bestalde iritsi zaizkigun indarkeria polizial arrazistaren irudiak ere, zoritxarrez, ohikoak zaizkigu; horien gordintasun eta gogortasunak barrenak astintzen jarraitzen diguten arren. Arrazismoa, heteropatriarkatua, kapitalismoa, kolonialismoa… egiturazko indarkeria horren muinean daude.
Baina, hamaikagarrenez, mutu geratu dira hain bakezale diren horiek. Herri honi gerra besterik eskaini ez eta, orain, hori egin izana ezkutatu nahian dabiltza, eragin duten min eta sufrimendurik gabe haien proiektu politikoa inposatzea ezinezkoa izango litzaiekeela badakitelako. 78ko erregimenaren defentsan, Ajuria Eneko itunaren babesean eta “demokraten eta biolentoen” ustezko lehiaren ikuspuntutik milaka herritarren eskubideak, gorputzak eta bizitzak eraso dituzte.
Darabilten indarkeriaren ardura estaltzeko, haren gainean hainbeste maite duten porlana bota eta hormigoiz eginiko zoru etikoa zapaltzen duten horiek dira Herri borrokalari honi moralaz eta etikaz mintzo zaizkienak. Poztekoa da, beraz, PNV, PSOE eta PPren zoru etiko hori ez partekatzea. Gonzalez, Pascua, Atutxa, Ardanza, Aznar, Rubalcaba, Galindo, Vera, Rajoi, Marlaska, Garzon, Beltran de Heredia, Urkullu… abizen horien atzean, haien hitzen azpian, guk tortura, desagerpenak, urruntzea, espetxea, jipoiak, erailketak, jazarpena, zigorgabetasuna… ikusten ditugu. Aitortu eta onartzen ez duten iragan eta orain mingarri baten lorratz luzea. Jakitun gara gure abizenek ere eragingo dutela tankerako erreakziorik, baina guk, gure akats eta asmatzeekin, beti onartu izan dugu gure ardura eta Herri gisa aurrera egiteko eman beharrekoak pausuak ematen saiatu gara beti.
Aurrera egiteko, baina, erreparazioa eta memoria ezinbesteko direla uste dugu, baina ez da ez bata ezta bestea egongo ere guztion mina erreparatzeko aukerarik ez badago. Zuek zuen memoria partziala zabaltzen duzuen bitartean, gu mehatxu eta erasopean gauzkazue mutu gera gaitezen, Herria itsu eta gor mantentzea ezinezko baitzaizue. Baina jai duzue! Kosta ala kosta, gure memoria, Herri borrokalari honen memoria eraikitzen jarraituko baitugu. Hori gabe ezinezkoa izango baita bakea eta elkarbizitza.
Minarekin bizitzen ikasi dugun belaunaldi ugari gauden arren, ez diezaiegun etorkizuneko belaunaldiei oinordekotza hori utz. Sekula partekatuko ez dugun pentsamendu eta kontakizun bakarra albo batera utzi eta sufrimendua arintzetik hasi behar genuke. Euskal Herriak bere bidea egiten jarrai dezan ezinbestekoa dugu eginiko kaltearen aitortza, erreparazioa eta justizia.
Rosa eta estatuen indarkeriaren atzaparretan eroritako kide eta lagun guztiak beti izango zaituztegu gogoan eta alboan; beti aldarrikatuko dugu zuen memoria eta eredua. Atzo bezala gaur, gure maitasun guztia duzue.