San Joan sua
Azkenean iritsi da ekainaren 23a. Ikasle eta irakasleentzat ikasturtearen bukaera eta guztiontzat urteko egun luzeena eta San Joan Suaren gaua.
Azken egunetan, esaera zaharraren esanahia inoiz baino gordinago ulertzea tokatu zaigun arren – ura eta sua belaunetik behera –, suaren indar garbitzaileari eskaini genion askok atzoko gaua.
Eta horregatik, apunte eta koaderno zahar artean, beste hainbat gauza bota nahiko genituzkeen sutara.
Edozeinek utziko genukeen bertan erretzen, bizitza hainbeste aldatu digun birus txiki hori, ezta? Eta gure alabak esango liguke, munduko gose eta gerrateekin batera, gorrotoa eta inbidia ere utziko lituzkela, gustura, bertan kiskaltzen.
Eta behin botatzen hasita, batek baino gehiagok esango liguke, gose eta gerrate horien erantzule diren boteredunek ez dutela su garbitzaile horretatik kanpo geratzerik merezi; Eta, berdin, zergatik ez? Aita Mari porturatzen ez uztea erabakitzen dutenak, edo indarkeria matxista eufemismoen atzean justifikatzen dutenak, korbata zuridun lapurrak, politikari ustelak, edo…
Baina orduan, zergatik ez bota sutara, munduko beste dozenaka gerrateak ahaztuta ukrainarrez egunero urrikaltzen direnak? Edo Bidasoa bihurtu duten tranpa mortalaz Baztan aldera joatean baino gogoratzez ez direnak? edo…
Edo… Zergatik ez bota sutara, gutxienez, gure inkoherentziak?